Gerran erbesteratutako umeak ardatz dituen erakusketa Arrasaten

Txomin Madina Milikua 2024ko ira. 17a, 19:36

Eguen arratsaldean inauguratuko dute ofizialki Kulturateko klaustroan  Orratz-begia. 1936-Gipuzkoako gerra haurrak izeneko erakusketa. Bertan, besteak beste, Judith Martinez Estradak instalazio artistikoa ikusi ahalko da.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak duela lau urte eta erdi hasi zuen Espainiako Gerra dela eta atzerrira ihes egin behar zuten ume gipuzkoarren inguruko lanketa eta orain arte egindako ibilbidean mugarri bat izango da eguenean inauguratu eta egubakoitzetik aurrera Arrasateko Kulturateko klaustroan bisitatu ahalko den Orratz-begia. 1936-Gipuzkoako gerra haurrak izeneko erakusketa. Debagoieneko elkartearen, BCA’1937 UK-Euskadi elkartearen eta Memory as Transgenerational Care ­–Memoria Belaunaldiarteko Zaintza Moduan- ekimeneko lantaldearen arteko elkarlanaren arteko fruitua de proiektua.  

Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide Julia Mongeren azaldu duenez, hiru zutabe ditu proiektuak: "Alde batetik, Josu Txuekak egin duen eta 600 argazki baino gehiagok osatzen duten katalogo baten bidez, erbestearen testuinguru sakon bat egin dugu. Kulturateko erakusketako paneletan modu laburrean azaldu dugu hori. Bestetik,  Monica Jatok belaunaldien arteko memoriaren zaintzaz  egin duen teoria dago. Eta azkenik, Judith Martinez Estradak egindako artelanak daude, gaia alde bisual batetik lantzen dutenak".

Memoriaren transmisioa

Birminghameko Unibertsitateko irakaslea den Monika Jatoren esanetan, nazioarteko hainbat ikertzaile, artista eta itzultzaile batzen dituen proiektu handiago baten parte da Arrasaten egin duten lanketa: "Artearen bidez, maiuskulaz idazten den historiatik kanpo egon diren istorioak kontatu nahi ditugu". Arrasaten gaur egindako aurkezpenean adierazi duenez, gainera, memoria betebehar bat izateaz gain herritarren eskubidea ere bada: "Frogatuta dago hirugarren belaunalditik  aurrera memoriaren transmisioa ez da modu berdinean egiten, eta hor sartzen da Intxorta 1937 Kultur Elkartearena bezalako lana".

Sustrai espainiarrak dituen arren Australian hazitako Judith Martinez Estrada artistak  duela urtebete inguru eta Arrasaten bertan hasi zuen Kulturaten jarri duen instalazio artistikoa egiteko prozesua. Izan ere,  Egiarekin Topaketak izeneko jardunaldietan egindako tailerretan gerrako ume izandakoen testigantzak jaso zituen abiapuntu moduan: "Prozesua pribilejio bat izan da, jendeak nirekin partekatutako biografiak modu bisualean aurkezteko aukera eman didalako. Instalazio artistikoa oihalek eta argazkilaritza digitalak osatzen dute. Gerran erbesteratutako umeen bildumetan lortutako argazkiak dira eta tamaina oso handian jarri ditugu, istorio horiek beste era batera ikusi daitezen. Jendea instalazioan sartzera eta bertan murgiltzera gonbidatzen dugu".

Maider Morras Arrasateko alkatea ere izan da proiektuaren aurkezpenean eta erakusketaren garrantzia azpimarratu du: "Memoria lantzen du eta hori oso garrantzitsua da herri guztientzat. Gerra dela eta nonbaitetik alde egin behar izateak gaurkotasuneko gaia izaten jarraitzen du".

Erakusketa, hiru astez

Eguenean erakundeetako ordezkariekin eta erbesteratutako umeen zein haien senideekin 18:00etatik aurrera egingo duten inaugurazio ekitaldian, herriko zein bailarako hainbat kultur elkartek hartuko dute parte, baita Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak ere.

Urriak 12ra arte egongo da erakusketa Kulturaten, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta zapatuetan goizez. Proiektuaren baitan atera duten katalogoa bertan zein Elkar dendan eskuratu ahalko da 10 euroren truke.

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak