Euskal ijitoek XVI. mende inguruan erromintxela hizkera asmatu zuten, eta Arrasateko jazz-laukotea ere hizkuntza propioa bilatzen dabil duela lauzpabost urtetik hona. Kaleratu dituzte singleak eta kantu solteak, eta, horiekin batera, pieza berriak jotzen dabiltza zuzenekoetan, otsail inguruan grabatzeko asmoarekin.
Elkartzen hasi zirenetik zeukaten jomugan duela 100 urte New Orleansen entzuten zen estiloa: swinga, gipsya, jazza... Baina ez dira horrekin konformatzen, Jon Garcia del Val abeslari eta gitarra-jolearen esanetan: "Ildo horretako melodietatik abiatzen gara, nahiz eta saiatzen garen apurtzen, folkarekin nahasten, ez izateko hain monotonoa".
Olerkarien hitzak
Perkusioa, kontrabaxua, gitarra akustikoa, biolina, haize-instrumentuak eta ahotsa. Tresna horiekin dago osatuta Erromintxelak, musikariek ekoizten dute soinua, baina poesiara jotzen dute hitzak aukeratzeko orduan, eta, gainera, testu horien gainean janzten dute musika: "Gogoko dut olerkiak irakurtzea, eta kantu bihurtzeko modukoren bat aurkitzen dudanean melodia bilatzen hasten gara. Akorde batzuekin probatu eta ondo geratuz gero, olerkariarekin jartzen gara harremanetan, kantua egiten gabiltzala komentatzeko", azaldu du Garcia del Valek. Hala, nahigabe izan arren, egungo idazleek ere jartzen dute euren alea kantuetan: Peru Iparragirrek, Xabier Montoyak, Luigi Anselmik... Baita lehenagokoek ere; Jon Mirandek, kasu.
Giro lasaiagoan
Taldea ugaritzen joan da, "familia" itxura hartuta, eta batek ezin badu besteari deitzen diote. Iñigo Zubizarretak SArekin hitzordua daukala, bada Manex Arriolabengoak hartzen du gitarra melodikoaren rola. Zapatuan halaxe taularatuko dira JAMEko auditoriumean. Antzoki txikia izateak ba du Erromintxelakoentzat balio erantsia, kalean jotzera ohituta daudela kontuan hartuta: "Kontzertu zaindua eta sotila prestatu dugu, jendea adi-adi egongo da; beraz, isiltasunak ahalbidetuko digu uneren batean tresna bakarra jotzea. Kalean oso zaila izaten da efektu hori lortzea".
Zikloaren bukaera
Oreixe Akustikoak beste bi emanaldi izango ditu asteburuan: gaur, 19:30ean, Las Nietas del Charli bikoteaz gozatu ahalko dute ikus-entzuleek; eta domekan, ordu berean, Karmento artista folklorikoaz.