"Osasuntsu eta ikasturtea hasteko gogotsu" daudela erakutsiko dute, beste urte batez, trikitia eta panderoa astinduz, Arrasate Trikitixa Eskolako kide eta ikasleek. Matrikulazio-kanpainari azken bultzada emateko ekimena izaten da Eskola plazara; Maixa Lizarribar irakaslearen hitzetan, "ekainetik hona jende berriak eman du izena; pozteko modukoa da".
Aldarte horren berri emango dute gaur, egubakoitza, 17:30en bueltan eskolaren egoitzatik, Kulturolatik, kalejiran aterata. Herriko Plazarantz abiatuko dira eta bertan, ohi bezala, trikitilariek gura dutena jotzeko aukera izango dute. Txatxilipurdikoek antolatutako jolasekin eta tabernarien Trikigin txapelketarekin uztartuko dute emanaldia. Gainera, 19:30ean, Portaloian, kontzertua joko dute Alaitz Rotetak, Gorka Vallesek eta Hekhtor Folkek.
Egitarau hori Udalaren eta Ibai-arteren laguntzarekin borobildu du Trikitixa Eskolak, Merkemerkauarekin bat eginez.