Egiaren jakitun, mende erdi igaro ostean

Gontzal Belategi Zubia 2024ko ira. 6a, 11:30

Hondarribiko Udalak biktimen senideei egindako harrera. (Argazkia: Hondarribiko Udala)

Jose Luis Mondragon arrasatearra eta Roke Mendez 'exekutatuak' izan zirela baieztatu du Hondarribiko Udalaren eskariz egindako txosten batek.

1974ko maiatzaren 20an Jose Luis Mondragon arrasatearra eta Roke Mendez santurtziarra hil zituen poliziak, Hondarribiko Asturiaga hondartzan. Poliziak zabaldu zuen bertsioaren arabera, enfrentamendu batean hil zituzten bi gazteak, baina bertsio hura ez zen inoiz ikertua izan. 50 urte geroago, Aranzadik eta EHUk Hondarribiko Udalaren eskariz egindako ikerketa historiko eta juridikoak gezurtatu egin du bertsioa, eta bi gazteak exekutatuak izan zirela adierazi du txosten batean.

Senideen samina

"Ez dut gogoan atzo egin nuena, baina egun hartaz gaur balitz bezala gogoratzen naiz", dio Itziar Mondragonek, Jose Luisen arrebak. Hunkituta mintzo da: "Gaua zen eta etxeko atea jo zuten udaltzainek. Anaiagatik galdetu zuten, ea bertan bizi zen. Baietz esan nien, baina Iparraldera joana zela. Orduan, istripu bat izan zuela esan zidaten". Gasteizen bizi den osaba bati deitu zioten, abokatua zena, hurrengo egunean gorpua ikusteko oztoporik ez izateko.

Oztopoak ehorzketan heldu ziren: "Hilerrira heldutakoan beste sarrerarik ote zen galdetu zuten poliziek. Baietz erantzun genien, atzeko aldean. Bertatik sartu behar izan genuen, familia bakarrik geunden arren". Hilkutxa muxukatu nahi izan zuen, azken agurra emateko, baina poliziek ez zioten utzi.

Txostena jasotzeak samin hori arindu duela dio: "Niretzat lasaigarria izan da. Gutxienez, gertatu zena jakin dezaket orain, nola gertatu zen jakin. Aurrez gauza askotaz ezin nuen hitz egin, ez nuen informaziorik". Anaiaren hil aurreko bizitzaren berri ere izan du, pasaportea kendu zietenez ezin izan zutelako inoiz bisitatu.

Txostenaren ondorioak

Mende erdiren ostean heldu zaie egia Mondragonen eta Mendezen senideei. Mendezen gorpuak buruan zuen tiroa izan da froga argigarriena. Txostenaren arabera, horrelako tiro bat ezin zen enfrentamendu baten kasualitatez gauzatu, aurrez antolatua izan behar zuen. Bi gazteak ETAko kide izanak ziren aurrez, baina ordurako erakundetik kanpo eta Ipar Euskal Herrira ihesi joanak ziren. Dirudienez, Jesus Arrondo Cocoliso, bi gazteekin batera Hondarribira itsasontziz joan zen pertsona, ETAn infiltratutako polizia bat zen. Hura arduratu zen biak Hondarribira eramateaz, arrazoiak garbi ez dauden arren. Heltzerako poliziak zain zeuzkaten, baina Arrondo inolako kalterik jaso gabe joan zen ihesi.

Biktima aitortza

Mendezen familiak, prozesuan zehar traba ugari izan ostean, biktima aitortza jaso du Eusko Jaurlaritzaren partetik. Mondragonen familiak orain arte ez du gaia mugitu nahi izan, "beldur handia" ematen ziolako: "Jendea hurbildu izan zait laguntza eskaintzen, baina, azkenean, beti ezetz esaten nien". Hala ere, txostena jaso izanak beldur hori uxatu du, eta dagoeneko eskatuta dute biktima aitortza, oraindik aitortu ez zaien arren: "Txosten hori jaso izanak biktima izaera aitortzeko eskaera egitera eraman nau. Mendezek jaso izanak ere lagundu du; pentsatu nuen: batek jaso badu, besteak zergatik ez?".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak