Arrasateko Kulturate Kultur Etxea izango du lehen geltoki Orratz-begia – 1936 Gipuzkoako gerra haurrak erakusketak, irailaren 19an egingo duten inaugurazioaren ondoren urriaren 12ra arte egongo baita ikusgai. Era horretan, 1936ko gerra bizi izan zuten haurren memoria historikoa berreraikitzeko prozesua ixtea da helburua, "jasan zuten sufrimenduaren funtsezko aitorpena" eginda, Ion Gambraren, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariaren, hitzetan: "Gipuzkoarrek pertsona horiek bizi izan zuten errealitatea hurbilagotik ikusteko eta ulertzeko aukera dute. Helburua ez da gogoraraztea soilik; baita jendea heztea eta sentsibilizatzea ere, adingabe horiek ihesean izan zituzten zailtasunen eta sufrimenduaren berri ematea, haien historiaren lekukotasun bisual eta hunkigarria eskaintzea".
Gambra ez ezik, gaur eginiko aurkezpenean izan dira Julia Monge, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko ordezkaria, eta Monica Jato, Birminghameko Unibertsitateko irakaslea, Memory as Transgenerational Care taldeko koordinatzailea eta erakusketaren komisarioa.
Prozesu baten emaitza
Erakusketa hau, ordea, ez da hutsetik sortzen, 2021ean hasi baitzuen ibilbidea proiektu honek, Intxorta 1937 elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, 1936ko gerrako haurren memoria identifikatu eta berreskuratzeko ikerketa bat hastean, ume horien izenak, abizenak, argazkiak eta testigantzak biltzeko asmoz. Hala, Mongek azpimarratu du euren elkarteak urrats bat gehiago egin duela "egia, justizia eta erreparazioa" bilatzeko bidean.
Jatok, bestalde, erakusketaren xehetasun batzuen berri eman du. Haren hitzetan, 1936ko kolpe militarraren aurkako erresistentzian 1937an ebakuatu zituzten haur euskaldunen memoria aztertzen du: "2023ko irailaren 11n Arrasaten lehen eta bigarren belaunaldiko kideekin egindako tailer batzuen amaiera da. Topaketa horien haria oroimenaren eta zaintzaren arteko erlazioak izan ziren. Gure tailerretan erbeste hau lehen pertsonan bizi izan zutenak eta haien ondorengoak daude". Bada, gaineratu du hor jasotakoak eta gehiago ikus daitezkeela erakusketan, Judith Martinez artista bisual australiarrak argazkiekin, testigantzekin, dokumentuekin eta objektuekin eginiko lanari esker.