2024-2025 ikasturterako izen-ematea zabalik du oraindik Dokek

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko abu. 29a, 15:11

Doke Antzerki Eskolako ikasleak, ekainean, Amaia antzokian.

Batetik, 8 eta 17 urte artekoentzako ikastaroak egingo ditu Doke Antzerki Eskolak eta, bestetik, 18 urtetik gorakoentzako saioak, Ione Irazabal aktorearen eskutik. Izena emateko, mezu bat bidali beharko da dokeikastaroak@gmail.com helbidera.

Doke Antzerki Eskolak bi ikastaro egingo ditu 2024-2025 ikasturtean. Batetik, 8 eta 17 urte artekoentzako ikasturte osoko saioak. "Aurten bosgarren urteari ekingo diogu, ilusio handiz", azaldu dute eskolako kideek. Saioak martitzenetan, eguaztenetan eta eguenetan izango dira.

Bestetik, Ione Irazabal aktoreak dinamizatuko duen 18 urtetik gorakoei zuzendutako interpretazio ikastaro formatu berrituan dator. Hau da, hiruhileko bat izango da eta iraileko, urriko eta azaroko astelehenetan egingo dituzte saioak, 17:30etik 19:30era. "Ez da esperientzia behar izango. Antzerkia lehen aldiz egin nahi duenarentzat irekita dago, baita esperientzia dutenentzat ere", azaldu dute.

Irazabalek azaldu duenez, oinarrizko interpretaziorako behar diren osagaiak aztertuko dituzte tailerretan. "Horretarako, ezinbestekoa da prestakuntzari buruz hitz egitea, hau da, gure erreminta nola prestatzen dugun jakitea eta nola garatu dezakegun gure kontzientzia, gorputzarekin, emozioarekin, naiz espazioarekin...".

Orokorrean, agertokiko antzezpenari bizitza emateko behar diren elementuei arreta jarriko dietela gaineratu du irakasleak. "Horretarako, Feldenkrais teknika somatikoa erabiliko dugu, beste teknika batzuen artean: Ahotsa eta gorputzaren arteko loturak ezagutuko ditugu eta azturatik aterata, bakoitzaren ezaugarriak errespetatuko ditugu. Horrez gain, aukera berriak bilatuko ditugu pertsonaiaren garapenean".

Teknika horrek, mugimendu txikiak eginda, ikasketa prozesuan autonomia izateko aukera ematen duela dio Irazabalek: "Autoesplorazioa sustatzen du eta askatasuna ematen dio aktorearen irudimenari. "Zer egiten ari zaren badakizu, nahi duzuna egin dezakezu', esaten zuen Feldenkrais maisuak. Aldi berean, testuak erabiliko ditugu jolasteko, interpretaziora hurbiltzeko eta plazerarekin jolasteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak