Arrasate Musikalen sorrerako musikarietako bat izan zen Usatorre. Zortzi urte zituela hasi zen solfeoa ikasten, eta bi urtez horretan jardun ostean, aukeratu zuen biolina. Egun Arrasate Musikaleko lehendakaria eta Arrasateko Orkestra Sinfonikoko biolin-jolea zen arrasatearra, besteak beste. Danborradako Eskoziarrak konpainiako zuzendaria ere bazen. Musika bere pasioa bazuen ere, lanbidez traumatologoa zen.
2023ko abenduan Arrasate Musikalen 50. urteurrenaren baitan, kontzertu berezia eskaini zuen Arrasateko Orkestra Sinfonikoak. Orduan, Arrasate Musikalek musikarekiko egiten duen lana nabarmendu zuen Usatorrek: "Hau ez da hain erraza topatzen Euskal Herrian eta horrek sekulako meritua dauka. Herrian zehar zenbat musika talde dabiltzan lanean, eta gehiena Arrasate Musikaletik dator".
Beatriz Arzamendi zuzendari, Usatorreren taldekide izandako eta Juan Arzamendi zenaren alabak honako hitzak izan ditu Usatorrerendako: "Ez dago hitzik inbaditzen gaituen pena izugarria adierazteko. Haren oroitzapena gure kontsolamendua da. Gure bihotz apurtua esker onez beteta dago hainbeste gauza ezagutu eta zurekin partekatu izanagatik. Aparta gizakiari, musikari eta intelektualari dagokienez. Bere oroimen miresgarriak aukera ematen zion gure orkestraren historia osoa zehatz-mehatz gogoratzeko: kontzertu bakoitza, programa bakoitza, herri txiki bakoitza... Musika-esparru pribilegiatu honetan, musikari gisa hazi ginen eta zu bezalako pertsona apartak eta baliotsuak ezagutu genituen, Luis. Inork ez du hobeto irudikatzen Arrasate Musikal izan zenaren eta denaren espiritua".
Hileta elizkizuna gaur, abuztuak 16, izango da San Juan Bataiatzailearen elizan, 19:00etan.