Musikenen ikasteko hautatua izan zara; ez da erraza izaten bertan sartzea, ezta? Zergatik?
Ez da erraza izaten, baina espezialitatearen araberakoa da hori. Plaza gutxi eta jende asko izaten da, eta maila handia da. Zuzendaritza-probak, bereziki, zailagoak dira, proba gehien eskatzen dituen espezialitatea delako: piano-probak, zure instrumentuaren proba, entzumen-proba, diktaketa, analisia, harmonia eta zuzenketa-proba. Maila handia eskatzen da, eta, beraz, horregatik ez da erraza. Gainera, urtero bi plaza bakarrik eskaintzen dituzte, eta aurten hamabi geunden. Azkenean, bi pertsona ez dira aurkeztu; hain zuzen, zortzi pertsona orkestrarako ziren eta lau pertsona abesbatzarako.
"Urtero bi plaza bakarrik eskaintzen dituzte Musikenen, eta aurten hamabi geunden"
Zer-nolako ikasketak dira Orkestra Zuzendaritzakoak?
Edozein gradu bezala, lau urteko ikasketak dira. Nire asmoa ez zen aurten sartzea Musikenen; jende askok egiten du; hau da, probatzera joan, ikusi zer den, eta hurrengo urtean saiatu. Niri aurreikusi baino hobeto atera zait. Zuzentzen ikasten duzu, entsegu bat nola eraman, teoria musikala… Abesbatza Zuzendaritza dago, baita Orkestra Zuzendaritza ere; bi espezialitateak eskaintzen dira, baina graduko lehenengo bi urteetan bi atalak lantzen dituzu eta, hirugarren urtetik aurrera zure espezialitatean sakontzen duzu. Musikenez gain, beste hainbat kontserbatorio musikal on daude; Bartzelonan, ESMUC, Kataluniako Goi Mailako Musika Eskola, esaterako; asko atzerrira joaten da… Eta Musikene Euskal Herrikoa da, gertu dago, prestigioa du Estatuan, baita Europan ere, eta hori ere oso garrantzitsua da.
Izango duzu erreferentziazko irakaslerik Musikenen?
Koru Zuzendaritzan Basilio Astulez zuzendari gasteiztarra dago irakasle, adibidez. Vocalia taldea zuzentzen du, Leioa Kantika Korala haur abesbatza… Prestigioa du; ospea duen euskal zuzendaria da, mundu koralean oso ezaguna. Gero, Orkestra Zuzendaritzan, iaz egon zen Arturo Tamayo zuzendari espainiarra; aurten, berriz, Jon Malaxetxeberria zuzendari gernikarra sartu da. Lagunak ditut han ikasten, eta esan didate irakasle oso ona dela hura. Oraingoz, hori aurreratu dezaket. Bestalde, bertan ikasi zuten zuzendaritza Aitor Biain eta Esteban Urzelai oñatiarrek.
Lagunen babesa ikasketa-prozesuan ere garrantzitsua izango da.
Jon Larrauri lagun gasteiztarrarekin batera sartu naiz Musikenera. Euskal Herriko Gazte Abesbatzan, Donostiako Orfeoian eta Suharren ere abesten dugu batera, eta elkarrekin batera aurkeztu gara; bera Abesbatza Zuzendaritzara. Esperientzia politagoa eta hobea izango dela uste dut.
Zer aterako duzu ikasketetatik?
Idealena orkestra zuzendari edo koru zuzendari gisa bizi ahal izatea izango litzateke. Ez da erraza zuzendari asko daude-eta… Hala ere, ikusiko dugu. Ikasteko gogoz nago eta hobetzea da nire asmoa. Ikusiko dugu zer datorren…
"Idealena Orkestra Zuzendari edo Koru Zuzendari gisa bizi ahal izatea izango litzateke"
Gaur egun, Suhar abesbatzako kide zara, eta Txinan egon berri zara, gainera; esperientzia aberasgarria izan da?
Uztailaren 13an irten ginen Bilbotik eta hilaren 22an bueltatu gara. Duela urtebete, Mariborren egon ginen, Eslovenian, jaialdi batean parte hartzen, eta handik iritsi zitzaigun Txinara joateko gonbidapena. Abesbatzen jaialdira joan, eta han hasierako emanaldia egin dugu; gero, beste bi kontzertu; Esteban Urtzelaik, koruko zuzendariak, eskola magistral bat eman zuen… Eta hori zen hasierako plana. Baina han geundela, Pekindik 800 kilometrora dagoen Qingdao hirian ere abesbatzen jaialdi bat egiten da, eta bidaia hiru egun luzatu eta han bi kontzertu eta eskola magistral bat izan genituen.