2022an kaleratu zuen Itsasoa da bide bakarra proiektua jaioterrian aurkezteko ordua iritsi zaio Ines Osinagari. Iaz aurkeztu zuen lehenengoz jendaurrean, Itziarren, eta gero Habanara (Kuba) joan zen. Ordutik, hiruzpalau emanaldi besterik ez ditu egin eta hori "hautu bat" izan dela azpimarratu du. "Ez dut nahi abiadura azkarrean doan trenean bidaiatzerik, egon nahi dudan lekuan egotea baizik. Izan ere, badira urte batzuk musikari izateko bestelako moduak esploratzen nabilela. Badirudi agertoki eta bozgorailu handiekin egiten ez baduzu, ez zarela existitzen, eta esango nizuke inoiz baino lan gehiago egin dudala azken bi urteotan", adierazi du musikariak.
Dio "denbora asko" bideratu duela sortzera, eta "poligamia artistikoarekin" asko ari dela disfrutatzen. "Konturatu naiz nire bertuteetako bat dela aldi berean leku ezberdinetan egoteko daukadan irrika hori, eta kasu egin diot horri. Azken bi urteetan gauza asko egin ditut eta horietako bat izan da Itsasoa da bide bakarra aurkeztea. Ez da kontzertu erraz bat. Nazioarteko musikariekin egiten dugun emanaldia da, aurre-lanketa handia eskatzen duena".
"Sekulako lantaldea" duela azpimarratu du. "Musikari bikainak ditut ondoan, baita soinu eta argi teknikari zoragarriak ere. Zapaturako, gainera, Amaia Albes diseinatzailearekin kolaboratu dut eta jantzitegi berezia diseinatu dugu kontzerturako. Izan ere, gustatzen zait musikatik haratagoko narratiba hori zaintzea ere". Ohi moduan, Naile Sosa, Irina Gonzalez eta Yaima Orozco musikariak izango ditu alboan, Garazi Egiguren dantzariarekin batera. "Beti egoten da kolaborazioren bat, baina bost hauek osatzen dugu banda".
"Egonaldi artistiko bat" Kuban
Itsasoa da bide bakarra "Kubako musikariekin egindako ikerketa batetik" sortu zela azaldu du Osinagak. "Sarrik bere garaian Habanan idatzitako letra horiei tiraka, egonaldi artistiko bat egin nuen eta handik etorri nintzen Kubako hainbat musikariren lanari buruzko informazioarekin, eta ordu asko grabatuta. Hori guztia liburu eta disko batean ordenatu nuen".
Zapatuan Arrasateko ikus-entzuleek "bidaia horren zuzeneko emanaldi bat" ikusiko dutela iragarri du. "Iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko bidaia bat izango da, bere zauri, dolu eta berrasmatze horiekin. Helburua da bakoitzak konektatzea bere dolu eta bidaiekin", nabarmendu du.
Beraz, aipaturiko proiektua izango da biharko emanaldiaren ardatza. "Diskoko kantu guztiak ez ditugu joko eta joko ditugun kantu guztiak ez dira diskokoak, baina kontatuko dugun istorioa proiektuaren ardatza da. Kontzertura datorrenak bidaia bat aurkituko du, bere olatu eta bere barealdiekin".
Hala, ondo bidean Monterron parkean egingo duten kontzertua "bidaiaren nolabaiteko borobiltze bat" dela adierazi du. "Bidaia luzearen ostean, etxera itzultzea bezala izango da. Arrasatear moduan, zoragarria da Monterronen proiektua aurkeztu ahal izatea, nire ahizpekin, nire gertukoekin eta nire herrian".
Irailean, proiektu berriekin
Kontzertuaren ostean, abuztuan oporrak hartuko ditu. "Ez da ohikoena izaten musikari batek abuztuan oporrak hartzea, baina atseden hartzea gura dut eta irailetik aurrera proiektu berriei heldu, asko ditut-eta". Ez du, ordea, proiektu horiei buruzko aurrerapenik egin nahi izan.