Iñaki Ormaetxea gitarra-joleak eta Mikel Usobiaga baxu-joleak elkarrekin eman dituzte pausoak musika munduan, nerabeak zirenetik. 2009. urtean Kate Maniaks taldea osatu zuten, Mikel Zabaletaren baketen erritmora; hamar kontzertu inguru eman, eta proiektua etetea erabaki zuten.
Gerora, Aggresive Combat eta Wood Strings taldeetako kide ere izan dira, bakoitza bere aldetik, baina erroak non dituzten jakitun izanda: "Halako batean, Iñakiri komentatu nion elkartu gintezkeela, eta hark erantzun bazeuzkala ideia batzuk. Beti egin izan dugu horrela, hark oinarria ekarri eta denon artean forma eman", bota du lehen harria Usobiagak.
Ormaetxeak hirugarren hankarekin asmatzearen gorabeheretan jarri du arreta: "Hainbat bateria-jole izan ditugu duela lau urtetik hona, eta helburu argi barik ibili gara, fundamentu gutxirekin. Baina abestiak bazihoazen irteten eta Uso-k eta biok ikusten genuen bazeudela oinarri sendoak proiektua serioago hartzeko".
Eta orduan joan ziren Asier Uribetxebarriarengana, Never Surrenderren ibilitako bateria-jolearengana: "Behar genuena eman zigun; egonkortasuna, alegia. Konpromisoa hartu zuen eta abestien grabaketa prestatzeari ekin genion".
DAGOENEKO ENTZUNGAI DAGO EUREN LEHEN LANA, 'LABERINTOAK', SARE SOZIALETAN
Hemen da lehen lana
Sei kantu ekarri ditu Laberintoak izeneko diskoak, Aretxabaletako kuartelean Asel Errastik ekoiztua eta Gaztain estudioko Eñaut Gaztañagak nahastua. Dagoeneko entzungai dago sare sozialetan, irail inguruan iritsiko da CDa, eta azaro aldean biniloa. "Pena pixka batekin" daude, posible izan dutelako kantu gehiago grabatzea: "Baina aseguratzera joan gara eta pozik gaude egindakoarekin; biltegian geratutakoei emango diegu irteera aurrerago".
Eduki aldetik, aberatsa
Deabrua bideoklipa ikusteak ematen ditu Maniaksen estiloaren pista batzuk. Hausnartutako hitzak, sakontasunez idatzitakoak direla aipatu du Ormaetxeak: "Arkatza hartzerakoan ez noa gai konkretuen bila, baina, azkenean, beti hitz egiten dut osasun mentalaz, jendearen egoaz, kaleko bizitzaz, bizipenez eta halakoez. Terapeutikoa egiten zait". Usobiagaren ustetan, helarazten diren mezuak hain zuzenak ez izateak balio izango dio jendeari "bere pelikula muntatzeko".
Soinuaren aldetik badaude punk-rock eta hard-rock melodikoaren aztarnak, eta erritmo aldaketak, nahasketak, egiteko joera. Hortxe nabari dira norberaren askotariko eragin musikalak: "Turbonegro, Touche Amore, High Vis, Rixe, Syndrome 81, Sam Fender... Estilo eta jatorri askotariko taldeak entzuten ditugu, hasi Eskandinaviako hard-rocketik eta indie ingeleseraino", dio Ormaetxeak. Puntu horretan ñabardura bat gehitu du Usobiagak: "Gazteagoak ginenean konposizio bizkorrak eta sinpleak egiten genituen, eta, gu aldatu garen moduan, egiten dugun musika ere asko aldatu da; orain, ertz gehiago dauzka".
Debutak zapore ona
Ekainean jo zuten estreinako kontzertua, Irati tabernan, sare sozialen aurreko garaien moduan: "Abestirik publikatu gabe jotzea erabaki genuen, gordinagoa izan zedin. Gaur egun horrela egitea ez da hain ohikoa; lehenengo, abestiak publikatu ohi dira, eta gero, kontzertuak eman, arrisku handirik hartu gabe. Egia da horregatik, agian, hotz samarra izan zela emanaldia. Gu ere urduri geunden, baina gozatu egin genuen kontzertua aurrera joan ahala, eta amaieran asebeteta sentitu ginen".
Eta behin izotza urtuta, hurrengo emanaldia lan fisikoa aldamenean dutela izatea espero dute. Nahiz eta oraindik ez duten hitzordurik lotuta, "sekulako gogo eta ilusioarekin" daude zuzenekoetan jotzeko. Ormaetxeak balio handia ematen dio horri, "kosta" egin zaiolako motibazio hori lortzea. Gainera, euren alde dituzte Iratin egondako publikoaren partetik jasotako kritikak.