Arrasate, herri bizia. Hori da 2025eko egutegia osatuko duten argazkiek ardatz izan beharko duten gaia. Hala, ezinbestean, Arrasaten egindako argazkiak izan beharko dira, 2023ko urritik 2024ko urriaren 15era bitartean. "Halaber, positiboki baloratuko dira auzoetako argazkiak, edota Arrasateko aniztasuna islatzen duten argazkiak", azaldu dute udal ordezkariek.
Argazkiak "originalak eta argitaratu gabeak" izan beharko direla gaineratu dute. "Lehiakideak izango dira aurkeztu dituzten obren erantzule, baita lanaren gain hirugarrengoek aurkez lezaketen edozein erreklamazioren aurrean ere, hala nola, egiletzari, irudi eskubideei, originaltasunari, antzekotasunari, kopiari eta abarri dagozkienak". Era berean, lehiaketatik kanpo geratuko dira bereizkeria, arrazakeria, homofobia, indarkeria edo sexismoa iradokitzen duen argazki oro.
Urrian aurkeztu behar dira argazkiak
Parte-hartzaile bakoitzak gehienez sei argazki aurkeztu ahal izango ditu. Hala ere, pertsona bakoitzeko hiru argazki sarituko dira gehienez. Guztiak batera bidali beharko dira.
Argazkiak 2024ko urriaren 1etik 15era aurkeztu beharko dira, biak barne, egutegia@arrasate.eus helbidera bidalita, gaian Egutegirako argazki lehiaketa adieraziz. Mezuan ondorengo datuak agertu beharko dira: egilearen datuak (izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, eta argazkiaren lekua eta data).
Hamahiru argazki eta sei epaimahaikide
Epaimahaiak hamahiru argazki aukeratuko ditu, hilabete bakoitzeko bat eta azaleko argazkia. Irabazleek herriko komertzioetan gastatzeko 150 euroko bonua jasoko dute. "Argazkiaren kalitateaz gain, egutegiari koherentzia eta gorputza emateko irizpideak ere hartuko dira kontuan", nabarmendu dute udal ordezkariek.
Epaimahaia sei kidek osatuko dute: Arrasateko Udaleko bi ordezkarik, Artgazki elkarteko bi ordezkarik, Ibai-arteko ordezkari batek eta Arrasateko ostalarien taldeko ordezkari batek. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.
Egutegirako bakarrik ez
Saritutako argazkiek 2025eko Arrasateko egutegia osatuko dute. Horrekin batera, Udalak argazki sarituak "nahi dituen helburu guztietarako" erabili ahal izango ditu. "Hala, argazkiok nahi bezala egokitu ahal izango ditu beharrezkotzat jotzen dituen formatu eta euskarri guztietan erabili ahal izateko, horretarako egileari inolako baimenik eskatzeko beharrik izan gabe".