Arrasate Pilota Taldeak antolatuta, jaialdia egin zuten atzo Uarkapen. Lehenik, infantil mailako partidua jokatu zuten eta Danel Zubia eta Ibai Osoro nagusitu ziren Peru Orue eta Hodei Dominguezen aurka (18-14).
Ondoren, Ander Muruari aitortza egiteko unea iritsi zen. Hala, Mauricio Zubillaga Mauri entrenatzaile ohiaren eskutik opari bat jaso zuen pilotari arrasatearrak eta aurreskua ere egin zioten.
Muruak azaldu du "oso berezia" izan dela Arrasaten partidua jokatzea, etxeko zaleen aurrean. "Pentsa, Arrasaten jokatu nuen azken partidua duela bederatzi urte izan zen, 15 urte nituela. Gero, zoritxarrez, ez nuen taldekiderik eta irten egin behar izan nuen. Beraz, itzulera gozoa izan da. Aitortzak ere ilusio handia egin dit".
Ostean, afizionatu mailako partidua jokatu zuten eta, omenaldia ez ezik, garaipena ere poltsikoratu zuen Muruak. Unax Apeztegia izan zuen bikote atzokoan eta 22-20 nagusitu zitzaien Beñat Azketa eta Endika Uriondori.