San Juan de Dios ospitaleko Espainiako eta Hego Euskal Herriko ordezkariak izan dira Donostiako ekitaldian. Horiez gain, Aldundiko diputatu Maite Peña ere han izan da eta hark inauguratu du saioa, Eusko Jaurlaritzaren Osasun saileko ordezkari Jose Ramon Aranbarrirekin batera. Horiekin batera egon dira Raul Torres Gipuzkoako San Juan de Dios ospitaleko zuzendaria, Elena Urdaneta lurralde zuzendaria eta Josep Pifarre, ospitaleko zuzendari laguntzaile korporatiboa.
Maite Peña Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak "Gipuzkoako ereduari" eman dio balioa, "instituzio publikoen eta hirugarren sektoreko entitateen arteko elkarlanean oinarritutako eredua", hain zuzen. "Azken urteetan oso proiektu interesgarriak abiatu ditugu, osasun mentalaren konplexutasunari erantzuten diotenak".
Aranbarrik, halaber, nabarmendu du "prebentzioan eta antzemate azkarrean" egin behar dela lanketa, osasun aktiboak indartzeaz gain. Torresek gaineratu du, haur eta gazteen adina kontuan izanik, "diziplina askotarikoa" izan behar dela lanketa.
Bizigazte unitatea Arrasaten
Arrasateko San Juan de Dios ospitaleak, iaztik, Bizigazte izeneko unitatea du, 10 eta 18 urte artekoei zuzendutakoa. Helburua, azaldu dutenez, zera da: tratamendu psiko-hezitzaile bat erabiliz, pazienteen oreka klinikoa lortzea.
Adin txikikoak diren eta babesgabetasun egoeran daudenei zuzendutako lehen zentroa dela adierazi dute. "Konplexutasun eta zaurgarritasun egoeran dauden pazienteak dira, arreta psikiatriko intentsiboa behar dutenak". Hori dela eta, beste helburuetako bat da haur eta gazteek haien egunerekoarekin jarraitzea. "Horregatik, birgizarteratze eskolarrean ere badihardugu lanean".
EKKO programa ere indartsu
Era berean, EKKO programa ere zuzentzen du San Juan de Dios ospitaleak. "Lehen Hezkuntzako gazteei, familiei eta irakasleei zuzendutako programa da, nagusiki Aretxabaletan eta Eskoriatzan lantzen ari direna. Adikzioen prebentzioan egiten da lanketa". Izan ere, kontsumo maila "kezkagarria" identifikatu zuten gazteen artean, eta horri erantzuteko ari dira lanean.
Azken urteetan gazteen artean kontsumoa jaistea lortu dutela diote ospitaleko ordezkariek, baina bestelako arazoak ere identifikatu dituztela. "Antsietatea, elikadura nahasmenduak edota teknoadikzioak".