Irulegiko Burdin Aroko herrixka bisitatzeko irteera egingo dute irailaren 28an, AEDk antolatuta. Bisitak 10:00etan hasten direnez, 08:00etan irtengo da autobusa Arrasatetik, Aranguren bailarara garaiz iristeko. "Bisitak hiru ordu eta erdi inguru irauten du eta, gidariak taldearen erritmora egokitzen diren arren, ez da egokia mugikortasun zailtasunak dituztenentzat. Izan ere, oinezko ibilbidea Irulegi mendiko bidexketan zehar egiten da eta tarte maldatsuak ditu. Gainera, gailurrera igotzeko 150 bat eskailera daude", adierazi dute antolatzaileek. "Haurrek arazo gabe egin dezaketen arren, Aranzadiren proposamena da, arkeologoen azalpenak ulertzeko, gutxieneko adina zortzi urtekoa izatea".
Bestalde, "garrantzitsua" da mendiko arropa eta oinetako egokiak eramatea, baita hamaiketakoa eta ura ere, bidean ez baitago iturririk. "Eguraldi ona bada, bisita gidatu osoa aire zabalean egingo dugu. Euria eginez gero, aldiz, laborategian emango dizkigute azalpenak, bai arkeologia taldeari buruzkoak, bai laborategi lanei buruzkoak".
Irulegiko bisita bukatu ostean, 14:00ak inguruan, autobusa hartu eta Iruñearako bidea hartuko dute, "hango euskalgintzan murgilduta arratsalde pasa egiteko". 20:00etan itzuliko dira Arrasatera.
'Sorioneku' eskua
Duela 2.000 urte baskoien lurraldearen bihotzean zegoen Burdin Aroko herrixka bisitatzeko "aukera paregabea" izango dela diote AEDtik. "Bertan, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo gazteek duela zazpi urte hasitako indusketa lanen eta topatutako aztarnen berri emango digute, tartean sorioneku eskuaren aurkikuntza. Arkeologo taldea indusketa lanetan ikusteko aukera ere izango dugu".
35 pertsona gehienez
Irteeraren prezioa 35 eurokoa da eta autobusa eta Irulegiko bisita gidatua sartzen dira prezio horretan. "Bazkaria norberaren kontu joango da, etxetik eramanda edo Iruñean. Plazak mugatuak dira, 35 lagun gehienez ere, horixe baita Aranzadik bisita gidatua taldean egiteko jartzen duen muga". Irailaren 24ra arte eman ahalko da izena. Horretarako zein informazio gehiago eskatzeko, hiru bide daude: AEDko lokalera joanda, 943 77 12 28 telefonora deituta edo aed@aedelkartea.eus helbidera idatzita.