Tokiko konpainiek taularatzen dituzten kale antzerkien erakusleiho izateko ere balio du Udalak uztailero antolatzen duen Udazabal kultur ekimenak. Kamikaz antzerki taldeko hiru sortzaile eta antzezlek, Amancay Gaztañagak, Iraia Eliasek eta Erika Olaizolak, Troia antzezlana aurkeztuko dute Seber Altube plazan hilaren 9an, 19:30ean hasita. Hiru superheroi gorpuztuko dituzte, misio bat burutzeko helburuarekin: jendea salbatzea, egun batetik bestera herrian agertutako objektu misteriotsu baten arriskutik.
Abiapuntu horrekin, superheroien dohainak zein ahuldadeak eta marrazki bizidunen estetika eta kontatzeko modua aletuko dituzte, Dragoi bola telesaileko Jesus Eguzkitzaren ahots ezagunak lagunduta. Konpainiak berezko duen genero ikuspuntua eta umore satirikoa ikusteko aukera aproposa izango dute plazara bertaratzen direnek.
Ostiralean, jazza eta popa
Joan den asteburuko Mondra&Roll jaialdiaren kokagune berean, Monterron parkean, izango da Udazabalen hurrengo pilula: Femmm taldearen kontzertua. Hilaren 12an, 20:00etan hasita, Musikenen ikasitako bost emakume musikarik jazzaren eta poparen arteko uhinetan murgilaraziko dute publikoa, haien hitzetan, "oso sonoritate berezia duen energia akuatiko bat" sortzeko nahiarekin.