Errugbi inklusiboaren protagonistak pantailan

Gontzal Belategi Zubia 2024ko uzt. 5a, 14:20

Ikus-entzunezkoaren fotograma bat. Argazkia: ART.

Lumarik gabeko hegoak lana ekoiztu dute Huheziko hiru ikaslek gradu bukaerako lan gisa; tartean, Eki Letona arrasatearra dago. Arrasate Errugbi Taldeak abiatutako proiektu inklusiboaren nondik norakoak azaltzea du helburu ikus-entzunezkoak.

Elkarte batekin elkarlanean egin ohi dituzte gradu bukaerako lanak Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (Huhezi) Ikus-entzunezko graduko ikasleek. Aurtengo lanetako bat Arrasate Rugby Taldeak martxan jarritako proiektu inklusiboaren inguruan izan da, Lumarik gabeko hegoak. Lanaren egileak Eki Letona arrasatearra, Endika Apalategi eta Unai Arteaga izan dira.

"Hirurok oso kirolzaleak gara eta honen inguruko zerbait egin nahi genuen", azaldu du Letonak. Hala ere, kirol zaletasun hutsetik aldentzeko asmoz, egitasmo inklusiboagoa azalerazteko nahiak bultzatu zuen taldea ARTko proiektua aukeratzera: "Pentsatzen egon ginen, eta Arrasate Rugby Taldeko talde inklusiboaren inguruan egitea pentsatu genuen, kirola izateaz gain inklusiboa eta gizarte garrantzia duen proiektu bat delako. Hori bultzatu eta laguntzea zen gure asmoa".

Protagonisten ahotsa

Dokumentalak taldearen nondik norakoak azaltzen ditu: taldearen sorrera nola izan zen, zergatik sortu zen, nola egituratzen den taldea, nola entrenatzen diren eta abar. Horrekin batera, ikasleak protagonistei ahotsa ematen ahalegindu dira. "Garrantzitsuena jokalarien bizipenak dira, nolako garapena izan duten eta zer sentitzen duten entrenamenduetan. Jokalariez gain, gurasoak, zuzendariak, entrenatzaileak eta dinamizatzaileak agertzen dira. Guztien ahotsak jasotzen ahalegindu gara", dio sortzaile arrasatearrak.

Youtuben ikusi daiteke Lumarik gabeko hegoak lana, R Barrutia izeneko kanalean

Gurasoen bizipenak azpimarratu ditu Letonak: "Azkenean, gurasoek eginkizun oso garrantzitsua dute. Seme-alabak izan dituztenetik egon dira hor laguntzen eta bultzatzen. Haien adierazpenak, haien usteak, oso garrantzitsuak iruditu zitzaizkigun, eta hori guztia dokumentalean agertzea nahi genuen".

Helburuak

Dokumentalaren helburu nagusia proiektua zabaltzen joatea izan da, jendea proiektura gerturatzeko: "Helburua ARTren talde inklusiboa zabaltzea da, Euskal Herri zein Espainiako Estatu mailan, gazteleraz ere egin dugulako. Lan egiteko duten modua erakutsi eta jende gehiago erakarri nahi genuen". Horrez gain, horrelako talde baten lanari balioa eman nahi izan diote: "Bestalde, horrelako proiektu inklusiboak gizartean balioztatu nahi genituen".

Helburuak ondo bete dituztela dirudi, eta, Letonak azaldu duenez, feedback positiboa jaso dute: "Esan digutenez, oso pozik daude emaitzarekin".

Bidearen garrantzia

Pozik eta harro dago Letona egindako lanarekin, benetan baliagarria izango dela uste du eta. Proiektua elikatzeko eurek ere "aletxo bat" jarri izanaren sentsazioa du, eta hori horrela izatea oso gustuko du.

Ikus-entzunezkoa egiterakoan jorratutako bidea oso aberasgarria izan dela dio arrasatearrak, eta salto pertsonal handia nabaritu duela: "Hasiera batean, ez genekien askorik gai horretaz, eta ideia oso nahasiak genituen buruan. Adibidez, Ramon Barrutia zuzendariak lehen egunean inklusiboa zer den galdetu zigun eta ez genuen erantzuten jakin. Lanaren defentsan berriro galdetu ziguten, eta hor ederki jakin genuen erantzuten". Pertsona bakoitzak erantzun ezberdin bat duela dio Letonak, eta hori dokumentalaren amaieran garbi ikusi daitekeela.

Sarean ikusgai

Ikus-entzunezkoa ikusgai jarri dute dagoeneko, nahi duenak ikusteko. Youtuben eskegita dago, R Barrutia izeneko kanalean. Guztira, 23 minutu irauten du dokumentalak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak