Aspaldiko marka da punk, rock eta oi! estiloa eskualdeko musika eszenan, eta oraindik ere indar handia du, entsegu-lokaletan dauden taldeei eta kale-giroan musika hori aukeratzen duten zaleei begiratuta. Haien guztien topagune izango da asteburuan Monterron parkean egingo duten hirugarren Mondra&Roll jaialdia. Sare sozialetan eta leihatilan daude sarrerak eskuragarri.
"Txikitasunetik" eta "mimoz"
Bi egunekoa egin zuten lehenengo aldian, eta egun bat gehitu zioten iaz, Manu Chao eta Eire talde gaztea gonbidatuta domekarako. Pauso bat gehiago eman nahi izan dute antolatzaileek hirugarrenarekin, eta, azpiegiturak baliatuta, Egurhotza musika urbano jaialdia egin zuten atzo, eguena, agertoki berean.
Bogan daude jaialdiak, askotariko tamaina eta aurrekontuetakoak, baina Mondra&Rollek "gertuko jaialdia" izateko apustuarekin jarraitzen du. "Urtean zehar askotariko ekitaldietan elkarlanean jarduten dugun lantaldea gara, eta horrek, kartel esanguratsuaz gain, bihotza duen jaialdia bideratzeko aukera ematen digu. Musikariek eta publikoak ere eskertzen dute hori; bada, hor dago gure jaialdiaren marka", dio antolatzaile taldeko Iker Arronizek.
Hamalau kontzertu bi egunean
Aurreko aldien ezaugarriei eutsiz, punk, rock eta oi! eszenako talde beteranoak, horren ezagunak ez direnak eta talde gazteagoak izango dira hirugarren jaialdian; guztira, hamalau talde izango dira agertokian. "Lehenengo alditik buruan genuen Sham 69 gurean izatea lortu dugu, eta oso pozik gaude, talde hori erreferente izan da-eta gure eskualdeko musikariendako eta zaleendako, baina kartel-buru asko daude; aurten bigarrenez etorriko diren The Baboon Show eta Cook Sparrer, besteak beste. Disko berria dakarte biek ala biek, oso maitatuak dira Euskal Herrian, eta talde horiek ekartzeak beste talde batzuk ekartzeko bultzada eman digu; esaterako, Erresuma Batuko The Chisel, Bad Nerves eta High Vis. Hamarkada bateko ibilbidea dute hirurek, bakoitzak bere ezaugarriekin, baina helmuga berera heltzen direnak. Line-up edo osotasunean kartel polita egiten saiatzen gara, taldeen arteko sinergiak aprobetxatuta eta bultzatuta".
Iker Arroniz: "Askotariko taldeekin 'line-up' polita osatzea dugu helburu"
Nazioarteko gonbidatuen zerrendarekin jarraituz, Madball amerikarrak eta Roy Ellis jamaikarra goraipatu ditu Arronizek: "Zuzeneko potentea du Madballek, Freddy Cricien frontman itzelarekin eta New Yorkeko hardcore markarekin. Sarritan izan dira Euskal Herrian eta zale asko dituzte hemen; Europan zehar egingo duten biraren baitan etorriko dira Arrasatera. Ia 80 urte dituen Roy Ellis jamaikarrak gidatzen duen banda ere oso interesgarria da; aurrez aipatutako taldeekin alderatuz, erritmo lasaiagoak edo dantzagarriagoak dituzte ikur; bada, reggaetik gertu dauden doinuekin borobilduko dugu egubakoitzeko egitaraua".
Debagoieneko lau talde
Euskal taldeei tokia egitea hastapenetatik duten helburua da eta aurten ere hala egin dute. "Punkaren eta oi!-aren bueltan talde interesgarri asko daude Euskal Herrian, eta horren era- kusle da Debagoiena. Oñatiko Larru Beltzak taldeak argitaratu berri duen Inoren itzala lana aurkeztuko du gaurko egitaraua zabalduko duen kontzertuan. Bergarako Brigade Loco eta Kaleko Urdangak ere esanguratsuak dira euskal eta baita gure mugetatik haragoko musika eszenan ere; horren erakusle da sarritan betetzen dituztela aretoak. Jende asko erakartzen dute egiten dituzten zuzeneko oso biziekin. Eta gauza bera esango nuke Arene 6 taldeari buruz; gorantz eta bide onean doaz bizkaitarrak".
Oxel Arriaran: "Gure egutegian gorriz markatuta dagoen kontzertua da biharkoa"
Ezin aipatu barik utzi biharko egitaraua zabalduko duen Arrasateko Kontralde talde gaztea. "Sekulako zortea dugu halako jaialdi bat etxean izateagatik; miresten ditugun taldeak, kanpokoak zein euskaldunak, gertutik ikusteko beste aukera paregabe bat. Eta zer esan, bada, antolatzaileek eman diguten aukeragatik; oso eskertuta gaude. Urduri, baina oso gogotsu, aldi berean, taularen gainean eta azpian dena emateko asmoz. Azkenaldian kontzertu asko egiteko aukera izan dugu, baina Mondra&Rollekoa, duda barik, gorriz markatuta dago aspaldi gure egutegian; horregatik, zerbait berezia prestatu dugu, kanpotik etorriko diren lagunak gonbidatuta", dio Kontraldeko abeslari Oxel Arriaranek.
Oinarrizko arauak
Ohikoa den moduan, parkearen sarrerako postuan trukatu beharko da sarrera eskumuturrekoarekin, eta horrek ahalbidetuko du kontzertu-gunetik sartzea eta irtetea. "Ezingo da edanik eta janik sartu –alergikoak salbuetsita–, eta arropategirik ez da izango. Bestetik, furgonetentzako, autokarabanentzako eta kanpin-dendentzako akanpalekua izango da Arruena parkean, iazko jaialdian izan ziren zerbitzuekin", gaineratu du Arronizek.
Kontzertuak
- Egubakoitza:
- 18:20: Larru Beltzak (Euskal Herria)
- 19:15: Arene 6 (Euskal Herria)
- 20:10: Kaleko Urdangak (Euskal Herria)
- 21:15: Brigade Loco (Euskal Herria)
- 22:30: Madball (AEB)
- 23:45: Sham 69 (Erresuma Batua)
- 01:10: Roy Ellis (Jamaika)
- Zapatua:
- 18:20: Kontralde (Euskal Herria)
- 19:15: The Chisel (Erresuma Batua)
- 20:15: Bad Nerves (Erresuma Batua)
- 21:20: High Vis (Erresuma Batua)
- 22:30: The Baboon Show (Suedia)
- 00:00: Cock Sparrer (Erresuma Batua)
- 01:35: Les Testarudes (Katalunia)
Oharra: 17:30ean zabalduko dituzte ateak.