Bi hizkuntzak kantuan bat egiten dutenean

Hasier Larrea 2024ko uzt. 5a, 15:27

Arrasateko Gazte Abesbatzak (AGA) kontzertua eman du asteon San Frantzisko elizan, Kataluniako Coral Juvenil de 'Escola Municipal de Musica eta Cor Jove Fusio koruak gonbidatuta. Irailean egingo dute bigarren itzulia, Sant Cugat del Valles-en

Goikobaluren eta Arizmendi ikastolaren arteko lankidetzatik sortutako Arrasateko Gazte Abesbatzak lehen elkartrukea egin du, pandemian martxan jarri zenetik. Sant Cugat del Vallesko (Katalunia) bi abesbatza gonbidatu dituzte elkarbizitza-esperientzia hori gauzatzeko: udal musika eskolako koru gaztea eta Cor Jove Fusio izenekoa.

Arrasateko taldea jarri zen haiekin kontaktuan, Kataluniako Koruen Elkarteari mezua igorrita. Eskaeraren berri jakin bezain laster erantzun zien Raimon Romanik, Cor Jove Fusioko zuzendariak. "Ikusi nuen AGA 11 eta 17 urte arteko abeslariek osatzen zutela; gure herriko talde gazteen antzeko adintartekoak zirela, alegia. Hala, aukera paregabea iruditu zitzaidan taldekideentzat; pandemia ostean, irteteko eta jatorri askotariko nerabeekin nahasteko beharra zeukaten", azaldu du.

Kantuan bakarrik ez

Martitzenetik gaur arte egon dira hogei neska-mutil inguru Arrasaten, eta ez dute denbora alferrik galdu. "AGAko kideen etxeetan egin dute lo, elkarte gastronomikoetan bazkaldu, Anabel Ugalderekin bisita gidatua egin erdigunean, kostaldera txangoan joan...", aipatu du Goikobaluko Maialen Gonzalezek.

Kontzertu bateratua emateko aitzakiarekin, bestelako errealitateak ezagutzeko aukera izan dutela nabarmendu dute kataluniar korulariek: "Historiako ikasgaian jakin dugu nor zen Canovas del Castillo, baina ez genekien hemen erail zutela; bestalde, euskaldunekin elkartruke linguistiko eta kulturala egitea oso aberasgarria izan da, antzeko egoera bizi dugulako".

EUSKARAZ ETA KATALANEZ KANTU BANA ABESTU ZUTEN ELKARREKIN HERENEGUN

Ariketa "dibertigarria"

Herenegungo emanaldian, nork bere errepertorioa taularatu eta gero, une berezia partekatu zuten hiru abesbatzek, euskarazko eta gaztelerazko kantu bana abestuta; zehazki, Kantuz eta Cançó de bres per a una princesa negra. Hizkuntza batean jakin gabe kantatzea zer den galdetuta, hara ikasleen erantzuna: "Hainbat hizkuntzarekin egiten dugu ariketa hori noizean behin, eta dibertigarria da. Garrantzitsua da melodia aldetik zailak ez diren kantuak aukeratzea, zailena ahoskera menperatzea baita. Bestetik, ez da euskaraz kantatu dugun lehen aldia izan; hona etorri aurretik landu arren, AGAkoekin entseatu dugunean sentitu gara seguruago".

Koruen osasunaz kezkatuta

Aste honetan bizitakoak pisu handiagoa hartzen du abesbatzek orokorrean bizi duten egoera kontuan izanez gero. Katalunian, behintzat, taldeak gainbeheran daudela uste du Raimon Romanik: "Gutxi dedikatzen gara honetara, eta gehiago izan beharko genuke, lan handia baitago egiteko. Esan behar dut niretzat luxua dela gazteekin lan egitea". Halako elkartrukeek balio dezatela gazteen abesbatzen kontzertuak luxua izan ez daitezen hemendik urte batzuetara.

 

"Abestea gogoko dutenei ikasteko aukera ematen diete abesbatzek"

TXOMIN MAIDAGAN

AGA-KO ZUZENDARIA

David Vargasekin batera zuzentzen du AGA Txomin Maidaganek. Egunotan katalanen enbaxadore izan da.
Haiek etorri dira, eta zuek ere joango zarete hara.
Irailean joango gara Bartzelona, hiritik ordu erdira dagoen San Cugat del Valles herrira. Ilusioa egiten dit hiriburua ez izateak, hori baita ohikoena halako irteeretan. Ondo pasako dugu!
Ze ekarpen egiten dizuete elkartrukeek?
Urtero egin beharrekoa iruditzen zait, motibazio mantentzeko, ordainsari gisa.

Abesbatzak gainbeheran daude?
Orokorrean, bai. Gu 20-25 gara, baina beherakada txiki bat izan da. Moda kontua dela esango nuke. Adibidez, 2000. urte inguruan gorakada gertatu zen, nire izebaren arabera, Operación triunfo hasi zelako. Orain, biolina ikasten hasi dira asko, Los Bridgerton telesailaren eraginez.

Nola erakarriko zenituzke gazteak abesbatzara?
Abestea gogoko dutenek toki egokia aurkituko dute hemen. Hastapenetan abesten jakitea ez da beharrezkoa, hain zuzen, abesten ikasten delako hemen. Solista mordoa irten dira abesbatzetatik, oinarria hor dago. Etorri probatzera, ez duzue ezer galduko. Goikobaluren webgunean aurkituko duzue kontaktua.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak