Debagoienak eman duen atleta onenetako batek erretiroa hartzea erabaki du, Malen Ruiz de Azuak (Arrasate, 1995) ez du atleta moduan jarraituko. Oraingo asteburuan jokatu du azken txapelketa ofiziala, lurraldekako Espainiako txapelketa, La Nucian –joan den asteburuan ere bertan jantzi zuen urrezko domina Espainiako absolutuan–. "Klubeko ordezkariei esan diet taldekako txapelketaren batean nire beharra badute –pertikako puntuak garesti saltzen dira– gustora joango naizela laguntzera, baina bai, atletismoa alde batera uzteko erabakia hartu dut".
Arrasatekoak ez du erabaki hori berehalakoan hartu, ondo egositakoa izan da. "Etxean, lagunei... banentorren esaten atletismoa uzteko ordua zela, eta ez aurten bakarrik. Jonatan Perez entrenatzailearekin sarritan egin dut gai honen gainean berba, berak ere ez du albistea ezustean hartu. Iaz izandako lesioak ondo gaindituta nituen, ez da izan nire burua ezinean ikusi dudalako, baina bai, denboraldia luzea egin zait eta Espainiako txapelketan urrea lortu ondoren momentu aparta da agur esateko, neurri batean pisua kendu dut gainetik. Aurten 29 urte beteko ditut eta atletismoaz gain beste gauza batzuk egiteko gogoa daukat".
Atleta nekaezina
Malen Ruiz de Azua gaztetatik hasi zen atletismoan, eta Jonatan Perezen aginduetara egon da urte hauetan guztietan lanean. Lehenengo urteetan Super Amara BAT taldeko ordezkaria izan zen. 2019an, berriz, Valencia Sport taldeak aurrerapausoa eman nahi izan zuen talde modura, eta Arrasatekoaren neurriko pertigista batek eman zitzakeen puntuez jabetuta, fitxatu egin zuten, nahiz eta horrek ez zuen bere egunerokoa askorik aldatu: entrenatzeko lan-leku berberak, Mojategi eta Anoeta, eta entrenatzailea ere berbera, Jonatan Perez.
Urte onena, 2021a
Kategoria txikietatik izan da Malen Ruiz de Azua Espainiako txapeldun (18 urtez azpikoetan, 2o urtez azpikoetan eta 23 urtez azpikoetan), baina maila absolutuan kosta egin zaio urrezko domina eskuratzea, joan den astean lortu zuen, La Nucian, 4,35eko marka eginda. Pista estalian –Short track– berriz, lautan izan da Espainiako txapeldun maila absolutuan. Urterik onena, baina, 2021ekoa izan zen. Orduan lortu zuen selekzioen arteko Europako txapelketan zilarrezko domina (4,35) eta marka pertsonala ere orduan egin zuen (4,47, Zaragozan).