Ane Zabala: "Saria lortuta, jarraitzea baino ez zait gelditzen"

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko eka. 28a, 12:27

Ane Zabala, sariarekin, Santa Barbara parkean. Argazkia: Iñigo Barrena

Arrasate Kirol Sarietan herritarrenngandik boto gehien jasota, kirolari onenaren saria eskuratu du. Arrasatearrekin "oso eskertuta" dago Zabala, emandako babesagatik

Ane Zabalak (Arrasate, 1973) eskuratu du Arrasate Kirol Sarietan Kirolari Onenaren Saria, beste zortzi hautagairen aurretik. Iaz, besteak beste, Hiru Handiak lasterketa irabazi zuen, eta aurten, Gasteizko Mendiak lasterketa irabazi berri du, duela bi aste. GOIENA Zabalarekin izan da, AKS sariari eta denboraldiari buruz hitz egiteko.

Arrasatearren ustez, zu izan zara kirolaririk onena…

Halaxe da. Egia esan, sorpresa ikaragarria izan da, oso polita. Arrasateko herritarrei eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen.

Ze sentsazio dituzu herritarrek zu aukeratu ostean?

Lehenik eta behin, bozkatzen duten herritar guztien errespetuagatik, ekitaldira joan beharra nuen, baita beste kirolariek ere. Gero, pantaila handian zure aurpegia ikusten duzunean sekulako sorpresa izaten da, eta hasieran ez duzu sinesten. Bederatzi ginen eta guztiek merezi zuten saria; beraz, oso momentu polita izan zen.

Botoei dagokienez, oso alde txikia egon zen...

Bai; bi kirolari egon gara lehian nor baino nor gehiago. Sei botoko aldea besterik ez da egon bion artean, oso parekatua izan da, dudarik gabe, eta edozeinek irabazi zezakeen.

Bederatzi izendatu egon ziren sarietarako, eta denetariko diziplinetan; igartzen da Arrasaten kirola bizi-bizi dagoela, ezta?

Arrasaten, orokorrean, kirolari asko eta kirol talde asko daude, eta, era berean, ikusten da kirolaren alde lan handia egin gura dutela. Espero dut kiroldegia ere hobetzea, nahiz eta denboratxo bat beharko duen. Arrasaten kirola indarra hartzen ari da, eta horrek lagunduko luke indartzen jarraitzeko.

Horrek ere bide emango luke talde kirolean eta bakarkakoan emaitza hobeak lortzeko?

Ziur nago herritar gehiago animatuko liratekeela kirola egitera instalazio hobeak izango bagenitu, eta ez soilik kiroldegian, baita kalean ere. Ez nabil esaten sariak lortzeko hasiko liratekeela kirola egiten; norberaren gozamenerako izango litzateke. Behin kirolaren munduan eta egunerokoan sartuta, pertsonalki hobeto sentitzen zara eta jende berri asko ezagutzeko aukera ematen dizu kirolak.

Azken urteko lorpenak hartzen dira kontuan sari horietarako; emaitza onak izan dituzun seinale.

Egia da, bai. Sari honetan gehien aipatu izan dena Hiru Handiak lasterketan lortutako garaipena izan da, eta egia da hura inflexio-puntua ere izan zela. Hilabete osoz jendeak zoriondu egin ninduen lortutako emaitzagatik, eta arrasatearren aldetik hori jasotzea oso polita izan zen. Hori izan da, nire ustez, gakoa Kirolari Onenaren Saria lortzeko.

Gutxik esan dezakete Hiru Handiak lasterketa irabazi dutela.

Ba, nik animatu egiten dut jendea probatzera. Askok esaten dute ezin dutela edo ez direla gai egiteko, baina nik probatzeko esango nieke. Jakina, ez da egun batetik bestera egiteko lasterketa bat, baina nik ere urteak daramatzat kirolean gutxinaka helburuak lortzen. Askok esaten dute ez direla gai egiteko, baina ziur nago egiteko moduan izango liratekeela.

Azken urtean beste hainbat lasterketa eta lorpen izan dituzu; nolako urtea izan da zuretzat?

Bailarako lasterketetan parte hartzea gustatzen zait; guztietan parte hartzen saiatzen naiz. Arrasate-Udalatxen eta Aloñako Igoeran izan naiz; Antzuolan, aldiz, ezin izan nuen parte hartu, eta horrek pena eman zidan. Gainerakoan, distantzia luzeetan hasi naiz lehiatzen eta hiru egin ditut; guztietan ondo sentitu naiz. Aurten, gainera, fisikoki ere ondo sentitzen naiz, baina burua askorik estutu gabe nabil; izan ere, kirolaz gain, beste hainbat gauza ditut egunerokoan: familia, lana eta bestelakoak.

Aurten B2H lasterketan lehiatzekoa zara; nolako lasterketa da?

Ez dut ezagutzen. 90 kilometro dira, distantzia aldetik Hiru Handiak baino motzagoa, baina desnibel handiagoa duela uste dut. Berria naiz lasterketa mota horietan eta errespetu handia ematen didate. Anoa-postu batetik bestera nola sentitzen naizen jakitea gustatzen zait. Momentuz, ez dut makalaldirik izan; beraz, lasai hartu eta ea noraino iristen naizen.

Berria zarela diozu, baina Hiru Handiak irabazi duzu; horrek B2Hrako indarrak emango dizkizu, ezta?

Bai; gai izan banaiz aurrekoa egiteko, hau egiteko ere gai izango naiz. Dena dela, lasterketa luzeetan faktore asko hartu behar dira kontuan. Denbora asko da eta mentalki gauza askotarako denbora ematen du. Esan beharra dut oraindik ez naizela ohi- tu horrelakoetara.

Etorkizunera begira zeintzuk dira finkatuta dituzun helburuak?

Momentuz, BH2. Gero, irailean Ermuan Hiru Txikiak egitea gustatuko litzaidake. Hemen inguruan, berriz, Aiba! mendi martxa egin nahiko nuke.

Horri guztiorri aurre egiteko, sariak lagunduko du, ezta?

Bai; orain ezin naiz etxean egon, jarraitu beharra daukat. Niretzat egiten dut kirola, disfrutatzeko, baina, saria lortzeko herritarrengandik jaso dudan babesa ikusita, indar handia ematen du aurrera jarraitzeko. Modu batera edo bestera, presio txiki bat ere badago emaitzak lortzen jarraitzeko, baina ez dut presiorik sentitzen eta orain arte moduan jarraituko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak