Microliquid-eko –Te Connectivity– langileek greba mugagabea hasiko dute datorren astelehenean, enpresako zuzendaritzako enplegu erregulaziorako espedientea aplikatzeko asmoa duela jakinarazi baitzien ekainaren 19an, LAB sindikatuaren arabera. "Hogei bat langileri eragingo die, krisi egoera batean kostuak aurrezteko aitzakiarekin. Honek beharginen herena kaleratzea ekarriko luke". Hala, langileen batzarra egin eta %95eko babesarekin erabaki dute mobilizazioei ekitea.
Enpresa batzordeak hasieratik egin du kaleratzeen aurka, LABen hitzetan. "Batetik, enpresak ez duelako nahikoa informazio ematen argudiatutako arrazoiak justifikatzeko, eta, gainera, langileen zati handi bat oporretan dagoelako prozesuaren negoziaketak iraungo duen bitartean". Langileen ordezkariek, beraz, prozesua geldiarazteko eta kaleratzeak bertan behera uzteko eskatu diote enpresari.
Mobilizazioak astelehenean
08:00etatik 10:30era bitartean elkarretaratzea egingo dute langileek enpresaren aurrean, eta manifestazioa egingo dute ondoren Arrasateko kaleetan, Garaia parke teknologikoko biribilgunean geldialdia eginez 11:00etatik 12:00etara.