Microliquid enpresak enplegu erregulaziorako espedientea aplikatzeko asmoa duela salatu du LABek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko eka. 21a, 13:29

Microliquid enpresako egoera dela-eta, LAB sindikatuak jarritako kartel bat. Irudia: LAB.

Enpresa batzordeak azaldu duenez, ez dute kaleratzerik onartuko, baina ordezko neurri batzuk baloratzeko prest daude. Horretarako batzarra egingo dute ekainaren 25ean.

Microliquid enpresak –Te Connectivity– enplegu erregulaziorako espedientea aplikatzeko asmoa duela salatu du LAB sindikatuak, ekainaren 19an, pasa den eguaztenean, zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi zionez. Haren arabera, hogei bat langileri eragingo lieke, "krisi egoera batean kostuak aurrezteko aitzakiarekin". Neurri hori dela-eta, argibide batzuk eman ditu enpresa batzordeak.

Haren esanetan, ez dute "kaleratze kolektiboak eragindako langileen zerrendarik", eta ez dituzte aplikazio horrek ustez eragingo lituzkeen "aurrezkiaren zehaztapenak" ere, uste baitute informazio hori "garrantzitsua" dela zuzendaritzaren erabakia "proportzionala" den egiaztatzeko. Badira puntu gehiago ere: "2023ra arteko fakturazioaren bilakaera positiboa izan da, eta azken bi urteetan emaitza garbia hobetuz joan da. Enpresak 2024rako aurreikuspen negatiboak aurkeztu ditu fakturazioari, EBIDTAri eta ustiapenaren emaitzari dagokienez, baina ez du justifikatzen jaitsiera horren arrazoia; are gehiago, aurtengorako aurreikusitako emaitza garbia ere ez digute ematen". Horrez gain, nabarmendu du enpresak ez diola "uko egiten" pertsona berriak kontratatzeari, "egungo taldean ez dauden beharrak bete beharra argudiatuz".

Planteamenduaren aurka

Enpresa batzordeak, beraz, aurka egin dio zuzendaritzaren planteamenduari, eta prozedura geldiarazteko eta erretiratzeko eskatu dio, "are gehiago, negoziazio batzordeko zati handi bat oporretan dagoenean". Adierazi duenez, batzordea prest dago lanpostuak "suntsituko ez dituen" ordezko neurri batzuk baloratzeko, baina ez ditu onartuko kaleratzeak. Hori dela eta, batzar bat egiteko deia egin diete Microliquid enpresako langileei: ekainaren 25ean, martitzenean, izango da enpresan, 16:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak