Herriaren garra sua bezain bizi dagoela erakutsi dute sanjuanek

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko eka. 27a, 11:43

Lehenengoz egin dituzten Gazte Olinpiadak arrakastaz beterikoak izan dira aurten.

San Juan jaien behin-behineko lehen balorazio positiboa egin du Udal Gobernuak. "Arrasatearrak, oro har, kalera irten dira jai giroaz gozatzera eta pozgarria izan da herriko kaleak bizitasun eta alaitasunez gainezka ikustea, herriak bizirik sentitu dugu".

Festa egun luzeak izan dira aurtengoak Arrasaten eta, oro har, zapore gozoa utzi dutenak, gainera. "Bizirik dagoen herria" sentitu du Udal Gobernuak eta antolatutako ekintzak jendetsuak izan direla argudiatuta. "Emaitza hau eragile ezberdinen arteko elkarlanari esker izan da. Askorentzat urte osoko lanak suposatu duen emaitza bikaina. Ekimen jendetsuenen artean egon dira txosnaguneko zein Monterrongo kontzertuak, errementari dantza, Gazte Olinpiadak, puzgarriak edota haurrentzako programazioa", diote.

Hainbat aldaketa, euriagatik

Eguraldia, batez ere lehen egunetakoa, ez da aproposena izan jaietarako. Izan ere, euriaren ondorioz, Uarkapen egin behar izan dituzte kantu afaria eta dragoi jana, eta errekortarien erakustaldia bertan behera utzi behar izan zuten, "segurtasuna bermatzeko", zezen-plazaren egoera txarra zelako.

Berrikuntzekin pozik

Gazte Olinpiadak izan dira aurten berrikuntza nabarmenena, eta Gobernuak "aipamen berezia" egin dio ekimenari: "Entzun izan ohi ditugun mezuen kontrara, honek gazteen konpromisoa eta elkarlanerako gaitasun eta potentzialtasuna erakusten du. Zorionak gazte guztiei!".

Errementari dantza zuzenean ikusteko Monterronen jarritako bigarren pantaila erraldoia ere arrakastatsua izan da. "Jendetza bildu zen San Juan bezperako ilunkeran. Herritar askok errementari dantza dantzatzeko iniziatiba hartu, eta giro bikaina jarri zuten. Ondo bidean, datorren urtean berriz jarriko dugu pantaila".

Haurrentzako jarritako puzgarriek ere ondo ordezkatu dituzte barrakak, udal ordezkarien esanetan. "Haur eta guraso asko ikusi ditugu joan-etorrian eta askok eskertu dute ur-parkea. Dena den, aurretiaz esan bezala, guraso talde eta eragileekin hitz egingo dugu haurren aisialdiaren inguruko balorazioa egiteko".

Zeuk iñ zeuk jan bazkaria Portaloira itzuli izana ere "oso ondo" baloratu dute. "Eguzkiak gogor jo bazuen ere, bertaratu ziren herritarrek asko eskertu zuten bazkari herrikoi autogestionatua Portaloira itzuli izana".

Protokolo feminista ez da aktibatu

Indarkeria matxistei aurre egiteko protokoloa aktibatzeko beharrik ez da egon. "Ez da esku hartzerik egon, eta horrek balorazio positiboa egitera garamatza", dio Gobernuak.

Esker mezuak ere bai

Jaietan lanean aritu diren eragile, herritar eta udal langileentzako esker mezuak ere izan ditu Udal Gobernuak. "Ezberdinen arteko elkarlanari esker izan dira posible San Juan jaiak". Udal langileen jarduna bereziki nabarmendu du. "Esker bereziak brigadari, kultura teknikariei, Udaltzaingoari eta garbitzaileei, egunotako lana itzela izan da, eta dagokion aitortza zor zaie. Eskerrik beroenak haientzat".

Hiru entzierroak, jendetsuak

Bergarako Zezenak ganadutegiko Iñigo Almorzari ere aho zapore ona utzi die sanjuanek. "Entzierroak eta zezen-plazako emanaldiak jendetsuak izan dira hiru egunetan. Kolpe batzuk egon diren arren, ohikoak izan dira eta ez da aparteko arazorik egon". Zera gaineratu du: "40 bat urte dira Arrasatera joaten garela eta hango giroa berezia izaten da beti. Pentsa, errekortari batek esan zidan Arrasateko San Juan eguneko emanaldia Euskal Herriko onena dela". Aurten, esan moduan, ez dute emanaldia egiterik izan.

AEDkoak ere pozik

Dragoi janak zein bertso saioak emandakoarekin pozik azaldu da AED. "Dragoi jana, euriagatik, Uarkapen egin behar izan genuen, baina oso ondo joan zen. Gustura egon ginen eta jende asko geratu zen penaz etortzeko, aldez aurretik dena salduta zegoelako. 400 pertsona egon ginen afaltzen". Bertso-saioari dagokionez, Zaldibarren egin dute aurten eta lekualdaketa hori izan da apustua. "Eguzkiak gogor jotzen zuen eta frontoian ezin izan genuen egin. Hori dela eta, arbola azpian jarri genuen oholtza eta ondo erantzun dute herritarrek. Halere, aukeran, gazte gutxi egon dira eta hor dugu erronka datozen urteetara begira", dio Itxarok Artolak, AEDko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak