Kiko Veneno: "Jarraitzaile aktiboak izan ditut Euskal Herrian"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko eka. 25a, 11:04

Kiko Veneno Arrasaten izango da eguaztenean. Argazkia: Akimoski.

Arrasateko Sanjuanak borobiltzeko musikari andaluziarra gonbidatu du udalak; Herriko Plazan egingo du kontzertua, bihar, eguaztena, 20:00etan hasita.

50 urte baino gehiago daroa taularen gainean Kiko Venenok (Figueres, Girona, 1952), eta indarrez jarraitzen du publikoaren aurrean hitz zorrotzak doinu dantzagarriekin kantatzen.

Arrasaten kontzertua egiteko gogotsu zaude?

Bai, beti gogotsu. Kantatzeko gogo barik ezin da kantatu.

Hainbat alditan izan zara Euskal Herrian; zelako harrera izan du zure musikak bertan?

Bueno, ona. Euskal jendarteak musikarekiko jarrera zelan aldatu duen ikusi dut urteetan zehar. Askeago mugitzen dira orain; gehiago parte hartzen dute eta txalo jotzera ere ausartzen dira. Beti sumatu dut nire musikak jarraitzaile oso aktiboak izan dituela Euskal Herrian, eta oso gustuko dut hori.

Zuzenean edo zeharretik, klase-kontzientzia erakutsi izan duzu beti; traba bat izan da zure ibilbidean, edo, alderantziz, indargunea?

Beti izan dut kontzientzia politiko hori, demokraziarengatik egotekoa, ahulenen aukeren alde egitekoa. Arrakasta handia izan banu, akaso ezingo niokeen postura horri eutsi, baina nik izan dudan neurrizko arrakastarekin musikan, ez dut arazo hori. Uste dut nire jarraitzaileek uler dezaketela nire ezkerreko politika postura. Baina egia da eskuinekoak diren jarraitzaile asko ere baditudala, besterik barik nire musika eta mezua gustatzen zaiena, eta hori ere ondo dago.

Aldarrikapenak egiteko tresna egokia da musika?

Nire kasuan, bai, baina neurriarekin beti. Ogibide honetan hasi nintzenean, pentsatu nuen musika, artea, etapa bat harago zihoala, politika baino etapa bat hobea zela; bizitzaren ulermen osoagoa zen. Eta gero, musikak dakarren fenomeno soziala, garaiko ezaugarriekin doana. 60ko eta 70eko hamarkadetan bakezaleak eta askatzaileak ziren mezuak, ezkerrekoak ez zirenenak ere bai. Egun, ifrentzuan gaude; akaso, sistemak uxatu egiten du. Ezkerreko mezuek entretenimendua eta hutsalkeria bakarrik nahi dute. Ulertu behar da komunikabide guztiak eskumaren eskuetan daudela. Informazio guztia eskuindarra da. Aspektu horretan, irteera bako kalezulo batean gaudela.

50 urte pasa dira Veneno diskoa argitaratu zenuenetik; zenbat aldatu da musikaren industria?

Suposatzen dut galdera hau erretorikoki egiten didazula. Uste dut ni baino prestatuago zaudetela hori erantzuteko eta seguru gaia ikertu duzuela, eta, bestela, egin beharko zenukete.

Eta denbora tarte horretan, zenbat aldatu da Kiko Veneno?

Hori ere zuek esan behar duzue, gutxi balio du nik esandakoak.

Esan izan duzu 40 urte bete zenituenean hasi zinela musikatik bizitzen; zein egoeratan eman ahal izan zenuen pauso hura?

Santiago Auseroni esker aurkitu nuen industrian tarte bat. 77an Ricardo Pachoni esker Veneno grabatzeko aukera izan nuen moduan; 92an, urte batzuk lehenagotik, Santiagoren, Ceron-en eta Radio Futuraren laguntza izan nuen, eta euren bulego osoarena, eta horrek ahalbidetu zidan jauzia ematea.

Zaila da musika dibertitzeko egiteko eta musikatik jateko arteko oreka topatzea?

Oso zaila. Uste dut zorte handia izan dudala lana aske egiteko, nire publikoa izan eta makurtu behar ez izateko. Eta noski, dudan adinarekin ez dut dagoeneko aldatuko.

Hiru urte pasatu dira Hambre argitaratu zenuenetik; baduzu musika proiekturik esku artean?

Bai, noski. Garrantzitsuena orain Ricardo Pachon hori edo Santiago Ceron hori aurkitzea da, zeinek lagunduko didan nire heldutasuneko behin betiko diskoa izaten; beteranotasuna esan nahi dut, nire bizitzako funtsezko hirugarren diskoa esan nahi dut. Horretara noa.

Baduzu euskaraz abesten duen gustuko bakarlari edo talderik?

Bai, nola ez. Jabier Muguruzaren goxotasunak maitemindu ninduen; euskaraz kantatzen eta pentsatzen, Ruper Ordorikaren indarra. Ez nuen aukerarik izan Euskal Rock Erradikala gozatzeko, askotariko arrazoiengatik; ez da ez zitzaidala gustatzen, baina ez ninduen momentuak harrapatu. Zea Mays-en rocka ere gustuko dut. Eta azkenaldian, Olatz Salvadorren goxotasunarekin gozatu dut.

Orain dela hamar urte ere Arrasaten

Debagoieneko Mankomunitateak, Sua argitaletxearen eta Ginmusic-en laguntzarekin, 2014eko maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitartean egin zuen Mundumira jaialdira gonbidatu zituen Kiko Veneno eta haren banda; izan ere, kontzertu "gogoangarria eta dantzagarria" eman zuten lepo betetako Arrasateko Biteri plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak