2022an Galdakaoko Udalak gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko egin zuen deialdian euskara eskakizuna ezarri zuen, eta Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4. Epaitegiak baliogabetu egin du. Euskararen normalizazioaren aurkako beste sententzia bat izan dela argudiatu dute elkarretaratzean: "Berriz ere, udalek langile publikoei euskararen ezagutza eskatzeko duten eskumena izan dute auzitegiek jo puntuan. Udalek hizkuntza-politika egiteko duten eskumenaren aurka jo dute, alegia.Horregatik, ozen salatu nahi dugu botere judizialaren esku-hartzea hizkuntza politiketan, bereziki adostasun politiko eta sozial zabalen gainetik egiten denean, eta herritarroi hizkuntza-eskubideak, oinarrizko eskubideak, ukatzen dizkigutenean, euskal hiztunak bigarren mailako herritar izatera kondenatuz".
Azken hilabeteetan ebatzi diren halako epaiak "premisa faltsu" batek lotzen dituela gaineratu dute: "Lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Baina auzia oso bestelakoa da: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntza-eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne. Galdakaoko Udaleko gehiengo sindikalak sententzia honen aurrean erakutsitako arbuio irmoa dugu horren froga".
Baina epaileak gehiegizkotzat jo du euskara eskakizuna: "Halako erabakiek euskararen normalizazio prozesuari kristalezko sabaia ezartzen diote, hizkuntza-berdintasuna hautsiz, eta orain arte ezagutu dugun euskararen ofizialtasuna kolokan jarriz", arbuiatu dute elkarretaratzean.
Babesa eta elkartasuna
Eraso horren aurrean, euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokolotik "gure babesa eta elkartasuna" helarazi diote Galdakaoko Udalari, bertako langileei zein euskal herritar guztiei.
Arrasateko Udalari ere helarazi diote babesa, "ezinbestekoa delako herritarron babesa sentitzea erabaki egokiak hartzeko, Arrasaten euskararen normalizazioari begirako hizkuntz politika eta plangintza eraginkorrari heltzeko eta inplementatzeko".
"Euskaraz bizi nahi dugu eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!" esanez amaitu dute elkarretaratzea.