Bezpera eguna, beti bezain berezi

Julen Murua Mesonero 2024ko eka. 20a, 11:56

Musakola konpainiako kideak, iazko nagusien danborradan.

Urtero bezala, danborrada, errementari dantza eta sua izango dira San Juan bezpera eguneko hitzordu garrantzitsuenak, eta arrasatearrak Herriko Plazan eta kaleetan batuko dira hilaren 23ko momentu esanguratsuenak bertatik bertara bizitzeko.

Danbor hotsez, dantzez eta suz josita datoz San Juan jaiak, beste urte betez, eta asteburu osoan zehar jai giroa izango da nagusi Arrasaten.

1993a ezkero

Duela hiru hamarkada pasatxo bultzatu zuen Jose Ramon Vitoria arrasatearrak San Juan jaietako ikur den errementari dantza egitea, eta, urte horien guztien ostean, jaietako ikur garrantzitsuetako bat izaten jarraitzen dute dantzek. Aurten ere 50 bikote –25 Lore Gazteak taldekoak eta 25 Txikitxu Arrostaitz taldekoak– hasiko dira dantzan San Juan bezperan, hilaren 23an, 21:00etan. Zaldibarren ekingo diete dantzei eta Arrasateko kaleak zeharkatuko dituzte, plazara iritsi eta suaren inguruan dantzan amaitu arte. Eurekin batera arituko dira Erraldoi eta Kilikien Konpartsa, Arrasateko Trikitixa Eskola, Udalaxpe Txistulari Taldea, Arrasateko Gaiteroak, Arrasate Musikaleko Banda, txalapartariak eta Ttakuneko eta Portaloiko kideak. Txikitxu Arrostaitz taldeko Saioa Lopezek eta Lore Gazteak taldeko Xeli Arregik diote jaien bezpera iristeko astebeteren faltan urduritasunak "azken unerako" utziko dituztela, oraindik "lanean" dihardute eta. Bi taldeetako ordezkariek aitortu dute "oso egun berezia" dela, "ez bakarrik dantzarientzat, baita gainontzeko herritarrentzat ere". Aurrenekoz egin zenetik, errementari dantza ia guztietan parte hartu dute Lopezek eta Arregik, eta urte hauetan guztietan gauzak asko aldatu direla aitortu dute: "Duela urte dezente bizi zen modua ezin da gaur egungoarekin konparatu. Plaza bete-beteta egoten da egun, eta hori izugarria da dantzarientzat, hau guztia antolatzen egoten garenontzat, baina baita arrasatearrentzat ere". Oraindik astebete gelditzen da San Juan bezperarako, baina, dantzek herrian izaten duten harrera ikusita, "datozen urteetan ere jarraitzeko indartsu" daudela esan du Arregik: "Urtero esaten dut nire azken urtea izango dela, baina herritarrek errementari dantzarekiko duten gogoa ikusteak niri ere jarraitzeko gogoa ematen dit". 22:30ean piztuko dute San Juan sua, eta haren inguruan egingo dituzte errementari eta San Juan dantzak Lore Gazteak eta Txikitxu Arrostaitz taldeetako kideek, herriko beste hainbat eragilerekin batera. Eurek ez ezik, Maider Morrasek ere izango du su ondoan dantza egiteko aukera; alkatearen agurra egingo du zapatu gauean, eta, urteroko legez, alpargatak sutara jaurtitzen amaituko du haren jarduna, ostean festarekin jarraitzeko.

Iazko San Juan jaietako Errementari dantzak, herriko plazan. Argazkia: Imanol Soriano

Amaitzeko, nagusiena

Nagusien danborradarekin amaituko da bezpera eguna. 23:15ean hasiko dira, Biteri plazan, eta herriko kaleak girotuko dituzte danborrariek. Iaz hamaika konpainiak hartu zuten parte, baina aurten talde horietako batek ezin izan du jende nahikoa batu eta ezin izango da hitzordura bertaratu. Beraz, aurtengo sanjuanetako danborradan parte hartuko duten konpainiak dira Danborreroak, Musakola, Santa Maña, Beti Gazte, Beti Alai, Arrasate Herri Eskola, Eskoziarrak, Gelma, Txalaparta eta Montxon. Danborradak berez izaten duen ikusminari gehituko zaio bi konpainiaren 25. urteurrena izatea. Montxon eta Txalaparta konpainiek mende laurdena bete dute aurten, eta hori ospatzeko tartea ere izango dute hilaren 23an. Txalapartaren kasuan, gainera, euren ereserkia entzuteko aukera izango da ekitaldian. Beste urte batez, Eva Romero izango da zuzendari nagusia, eta haren gidaritzapean joko dituzte ekitaldiko abestiak. Bezpera eguna gerturatzen ari dela jakinda, danborradako kideak murgildu dira azken entseguetan. "Gogotsu" daudela dio Juan Luis Arkauzek, SUDC elkarteko kideak eta danborradako antolatzaileak, eta ekitaldia zein elkartea "osasuntsu" daudela adierazi du: "Indartsu gaude. Aurten konpainia bat gutxiago izango bagara ere, eta espero baino jende gutxiagok parte hartuko badu ere, konpainia batzuen 25. urteurrena izateak asko pozten gaitu". Aurtengo berrikuntza gisa, Udalak eskatu du konpainia guztietako banderak udaletxeko balkoira igotzea; horren harira, Arkauzek aipatu du konpainia batzuek "baiezkoa" eman diotela ekimen horri eta, beraz, "euren banderak udaletxean ikusteko aukera" egongo dela. Datorren eguaztenera arte egingo dituzte danborradako entseguak, eta Arkauzek dio konpainiaren batean parte izan nahi duen orok entseguetara agertzea besterik ez duela, jende berria batzea ekitaldiarentzat "onuragarria" dela iritzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak