Lehen urtean "aldaketaren oinarriak" ezarri dituela dio Udal Gobernuak

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko eka. 18a, 10:27

Arrasateko Udal Gobernuko hainbat zinegotzi. (Argazkia: Arrasateko Udala).

Arrasateko Udal Gobernuak atzo, ekainak 17, bete zuen urtebete agintean, eta egindakoa baloratu du, "elkarlana, gertuko politika eta talde balioa" nabarmenduz. Azken horri dagokionez, Gobernuko bi alderdien arteko harremana "oso ona" dela adierazi dute.

Agintean egindako urtebete honetan "aldaketaren oinarriak" ezarri dituela adierazi du Arrasateko Udal Gobernuak. Hala, herritarrekin eta eragileekin elkarlanean oinarritutako politika egiten ari direla dio Maider Morras alkateak, gertuko politika. "Auzo-alkatetzak indartu eta auzoen eta Udalaren arteko etengabeko harremanerako tresna parte-hartzaile bilakatu ditugu, auzoen kezkak eta beharrak identifikatuz".

Bide horretan, hainbat esku-hartze egin ditu Gobernuak: "Otalorako zebra-bidea; Udalako aparkalekua txukundu eta auto aglomerazioa gutxitzeko autobus zerbitzu puntualak jartzea uztailean eta kirol ekintzetan; Musakolako gaztetxokoa bideratzea edota Arrasateko Nagusien Kontseiluak eskatutako desfibriladoreen proiektua berraktibatzea".

Amaia antzokia eta Iturripe

Agintaldi honetan eraikitzen hastea aurreikusten duten bi obra handiren oinarriak ezartzeko urtea izan da, alkatearen esanetan. Batetik, Amaia antzokiaren eraberritze integrala. "Aurreikusi gabeko proiektua izan da, baina Gobernura sartu eta hurrengo egunean, euri-jasa batek azken urteetan egin gabeko mantentze-lanen gabezia agerian utzi zuen. Ondorioz, antzokiaren diagnosi osatu bat egin genuen, eraberritze integralari bide emanez. Aurreikuspenen arabera, 2025 urte amaieran hasiko dira lanak".

Iturripeko kiroldegia berritzea izango da beste obra handia. "Pleguak dagoeneko eginda daude, eta datozen egunetan onartuko dira batzordean; beraz, uztaileko lehen hamabostaldian proiektua idaztea lehiaketara aterako da. Ondo bidean, urte amaierarako proiektua esleituta izatea espero dugu".

Kirol azpiegituretan, hainbat lan

Halaber, kirol azpiegituretan hainbat inbertsio eta mantentze-lan egin ditu Gobernuak: errugbi zelaia berritu, Mojategiko garbiketa integrala egin, igerilekuko aldagelen lurra aldatu, Uarkape berritu eta Antoñako frontoian segurtasunezko konponketak egin.

Horrez gain, udan berrituko dute atletismo pista, led argiak jarriz, eta Musakolako kiroldegi lehorreko aldageletako lurra ere berrituko dute. Era berean, saunan eta igerilekuan konponketak egingo dituzte.

"Ikusezinak" diren politikak ere bai

"Ikusezinak" diren politikak ere aipatu ditu alkateak. "Horien artean daude Aniztasun eta Bizikidetza Plan berria, LGTBI+ pertsonen bizitza duinak bermatzeko plana, hezkuntza diagnosia, udaletxe barruan politika feministak zehar-lerroan lantzea, zaintza aholkularitza zerbitzurako udal batzorde teknikoa eratzea edota Arrasaten osasun-ekosistema martxan jartzea, osasunaren mahai teknikoa martxan jarriz eta desfibriladoreak herri osoan jarriz".

Politika fiskal berria martxan jarri izana ere nabarmendu du Gobernuak, "tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko neurri fiskalak eta egoera zaurgarrian daudenen ohiko etxebizitzaren zerga (OHZ) ordaintzeko dirulaguntza berriak onartuz".

Azkenik, euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean, "bi urrats nagusi" eman ditu euskara komunikazio eta lan-hizkuntza bezala sustatzeko. "Udaleko barne erabilera plan berria martxan jartzeaz gain, Harixa egitasmoa aktibatu dugu, esparru sozioekonomikoan eragiteko, eskualdeko beste herriekin batera".

Hirigintza eredua lantzen hasi dira

Etorkizuneko hirigintza eredua irudikatzen hasteko, Arrasate Zeharkatuz ekimen parte-hartzailea abiarazi dute. Bide horretan, lehen urratsa Mugikortasun Jasangarrirako Plana berritzea izan da, baita Gudarien plaza berritzeko proiektua edota Azpiegitura Berdeen Mapa egitea ere. "Herri eredua definitzearekin batera, urbanizazio obren exekuzioak ere jarri ditugu martxan; adibidez, Altamirakoaren lehen fasea, edota Santa Teresako eta Doneztebe Portuko kalekoena, irisgarritasun eta etxeen eraberritzeekin jarraituz".

Azkenik, natur-bideak konpontzeko esleipena martxa jarri dute eta baso sailen erosketarako pleguak amaitzear dituztela ere azpimarratu dute Gobernutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak