Jaiak hasteko gogoz beteta

Gontzal Belategi Zubia 2024ko eka. 17a, 10:00

Joan den urteko gazte bazkari herrikoia.

Arrasateko Txosna Batzordeko kideek hilabeteak pasatu dituzte jaietako egitaraua lotu eta guztia prestatzen. Hainbat ekintza prestatu dituzte, sei egunetan banatuta.

Hilabeteetako lana izan dute Arrasateko Txosna Batzordeko kideek jaiak prestatzen. Urteroko gisan, mimo handiz prestatu dituzte jaiak, eta sei egun iraungo duen egitaraua osatu dute. Batzordekideak jakitun dira atzera kontaketa geroz eta txikiagoa dela, eta jaiei hasiera emateko gogotsu daude, paper gainean diseinatutakoa praktikara eramateko. Denetarik antolatu dute, eta urteroko ekimenak proposamen berriekin uztarturik ageri dira.

Naturari Gorazarre tourra

Antolatutako ekimen berrien artean, atentzioa eman dutenetako bat Naturari Gorazarre izeneko tourra da. Ekainaren 22an izango da tour hori, 12:00etan hasita. Oroimenari begira egindako ekimena da, jaiak eta historia uztartzen dituena. Anabel Ugalderen historialariaren eskutik sanjuanen historian barrena egindako ibilbide bat proposatzen dute Txosna Batzordekoek. "Jaiak bere garaian zela ospatzen ziren aztertzeko antolatu dugu tourra; bereziki, sanjuanei erreparatuta. Horrez gain, jaiek historian zehar izan duten bilakaera eta azken urteetan izan duten bilakaera ere aztertuko da", azaldu du Beñat Barrenak, Arrasateko Txosna Batzordeko kideak.

Txupinazoa

Ezin da aipatu gabe utzi txosnei irekiera ofiziala emateko botatzen den txupinazoa. Ekainaren 23an izango da, 12:00etan, bi txosnen artean dagoen tartean. Urteroko ekimena da hori, baina, berdintasun horretan, ezberdintasunak aldaketak izaten dituena urte batetik bestera. Txosna Batzordearen parte den eragile bat arduratzen da urtero txupinazoa antolatzeaz, urtetik urtera ezaugarri ezberdineko ekimena izango dela bermatzeko.

Aipatu beharrekoa da eragileak autonomia duen arren Txosna Batzordearekin adosten duela proposamena. Aurten, Gazte Koordinadora Sozialista da txupinazoa prestatzeko ardura duen eragilea. "GKS izango da aurten txupinazoaren arduraduna. Txupinazoaren aurretik pregoi bat botako dute, eurek gertatutakoa. Horrekin batera beste ekintza bat egingo dute, momentura arte jakingo ez dena. Amaitzeko, bi etxafuego botako dituzte". Horren ostean, jaiei hasiera emango zaie, modu ofizialean ez bada ere.

2023ko jaien hasiera.

Gazte bazkari herrikoia

Txupinazoaren ostean, triki-poteoa egingo dute Arrasateko kaleetan barrena, 12:30ean hasita. Horren ostean, urteroko legez, gazte bazkari herrikoia antolatu dute Txosna Batzordeko kideek. 14:00etan izango da, Uarkapeko pilotalekuan. Txosnetako ekimen bat den arren, ohituraz, bazkariaren antolakuntza ez da batzordekideen gain erortzen. Bazkaria aurrera eramateko ardura kintoek izaten dute; hau da, urte horretan 18 urte betetzen dituzten gazteek. "Haiek arduratzen dira herri bazkariak ekartzen dituen lanak kudeatzeaz. Txanda ezberdinak egiten dituzte, adibidez; muntaketa, desmuntatze eta zerbitzatze lanak", dio Barrenak.

Kamisetak

Urteroko beste kontu bat Txosna Batzordeak jaiei begira ateratzen dituen kamisetak dira. Txupinazoaren printzipio bera darabilte kamisetak ateratzeko orduan, eta bata prestatzeaz arduratzen den eragileak bestea prestatzeaz ere arduratu behar du. Horrenbestez, aurten, Gazte Koordinadora Sozialistaren gain egon da kamisetaren diseinua egitearen ardura. Txupinazoan bezala, eragileak autonomia puntu bat duen arren, Txosna Batzordearekin kontrastatu behar du diseinua: "Kamisetaren eredua egiten du eragileak, eta diseinuarekin aurrera egitea erabakitzen bada, listo. Bestela, aldaketak proposatzen dira eta eragileak diseinua berritzen du, adostasuna izan arte".

Aurten, Klase gorrotoa antolatu leloa eramango dute kamisetek. Leloaz gain, bestelako berrikuntza bat ere bada kamiseten alorrean: "Normalean, herri bazkariko tiketarekin bakarrik eskuratu zitekeen kamiseta. Tiket bakoitzeko kamiseta bat banatzen zen. Hala ere, aurten muga hori gainditu eta tiketik gabe kamiseta eskuratzeko aukera jarri da, guztiek erosteko aukera izan dezaten".

Txopoa

Bazkariaren ostean, txopoak edo makalak hartuko du protagonismoa. "Udalak Uarkape azpian uzten digu makala, eta, Txosna Batzordeko kideek gidatuta, txopo-poteoa egiten da". 17:00etan hasiko da txopo-poteoa. Tabernaz taberna garraiatzen dute txopoa, plazara heldu arte. Bide horretan barrena, Izenbarikuak txarangaren laguntza izango dute txopoaren bueltan doazen per- tsonek. Bazkariaren gisan, kintoak dira txopoaren ardura izaten dutenak.

Txopoaren funtzionamendua urterokoa izango dela baieztatu du Barrenak: "Poteoan barrena makala eramaten dugu, eta plazara heldutakoan betiko giro hori izaten da, askotan konplikatuena izan daitekeena. Plazara sartzean dagokion lekuan jarri eta igoerarekin hasten gara. Lau soka izaten dira, bi igotzeko eta bi tenkatzeko. Soka bakoitzean jarri behar diren pertsonak bazkari ingururako zehaztuta egoten dira, eta haiek mikrofonotik ematen zaizkien jarraibideak bete behar dituzte. Soka bakoitzak kale baten izena darama eta, adibidez, 'Iturriotz bi pauso atzera' esaten bazaie, soka horren ardura dutenek bi pauso atzera eman behar dute. Modu horretan, makala igotzen eta bideratzen joaten gara. Tentsio momentuak izaten dira horiek, makala zuloan sartu arte arrisku puntu bat izaten da eta".

Haurrak ere presente

Gazte eta parranda alorrarekin lotu daitezke txosnak, eta egia da esparru hori betetzeaz ere arduratzen direla; modu egokian, gainera. Hala ere, txosnak hori baino askoz esparru zabalagoa dira, eta Txosna Batzordeko kideek badakite hori. Horregatik, urtero, parranda girotik haratago joan eta haurrendako ikuskizunak bermatzen ahalegintzen dira.

Normalean, ekainaren 24an hartzen dute horretarako tartea, besteak baino egun lasaiagoa proposatuz. Joan den urtean magia ikuskizuna jarri zuten, eta, oso ondo funtzionatu zuenez, antzerako zerbait antolatu nahi izan zuten, gaztetxoenek ere txosnetan euren espazioa izateko asmotan. "Azkenean, ipuin kontaketa bat egitea erabaki genuen, haurrentzat aproposa zelakoan". 19:00etan emango diote hasiera ipuin kontaketari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak