Aitor Bedia 'Hans': "Ez dugu urduritasunik, lan asko egiten gabiltza"

Gontzal Belategi Zubia 2024ko eka. 17a, 15:00

Aitor Bedia 'Hans', 'Zentzu bila' abestiaren bideoklipean. Argazkia: Añube

2020. urtearen bueltan sortu zen Añube taldea. Errautsetatik loratzen izeneko bigarren diskoa argitaratu berri dute eta ekainaren 21ean aurkeztuko dute, Arrasaten.

Errautsetatik loratzen diskoa argitaratu berri du Aitor Bedia Hans (Arrasate, 1992) parte den Añube taldeak. Diskoaren aurkezpen kontzertua da Txosna Batzordearen sanjuanetako egitaraua zabalduko duen emanaldia. Ekainaren 21ean izango da, 21:30ean, Arrasateko gaztetxean.

2022an argitaratu zenuten zuen lehen diskoa, Añube; arrakasta handiz, gainera.

Ez genuen espero horrela izatea, egia esan. Abestiak guretzat eginak ziren, nik etxean egindakoak, talderik gabe; ezer ez. Azkenean, talde bat sortzea erabaki genuen, eta horrek diskoa argitaratzera eraman gintuen. Ez genuen inolako oihartzunik espero, guretzat egin genuen, oroigarri bat bezala kasik. Guk CDa izan eta oroitzapen bezala gorde nahi genuen, ez dakit... Ez genuenez ezer espero, oso pozik gaude honek guztionek izan duen ibilbide eta erantzunarekin. Baina bai, espero gabeko arrakasta izan da.

Orain bigarren diskoa argitaratu duzue; zer espero daiteke disko berri horrekin?

Orain, zerbait espero da Añuberengandik; entzun egiten gaituzte, azken finean. Jendeak espektatibak ditu, nire ustez, aurrekoaren mailan egotea ez bada ere. Horrek presio apur bat dakar guretzat. Niretzat, pertsonalki, abestiak egiteko orduan ez da horren naturala. Lehen diskoa niretzat egin nuen, presiorik gabe, nik izateko asmo hutsez. Orain ez da horren naturala. Alegia, gure gustukoak diren kantuak egin ditugu, noski, baina, pixka bat ez bada ere, jendeari begira egon behar izan dugu. Guai egongo da; lana atera berri dago, diskoak oraintxe bertan banatu ditugu tabernetan, eta ondo joango da.

"Ez genuenez ezer espero, oso pozik gaude honek guztionek izan duen ibilbide eta erantzunarekin"

Zentzu bila abestia izan da orain arte eskuragarri egon den abesti bakarra, bideoklip eta guzti; zein izan da jaso duzuen feedbacka?

Hainbatek esan digute gustatu zaiela eta bideoklipa ondo dagoela. Ez dut askoz komentario gehiagorik jaso. Jendeari gustatu zaiola iritsi zait, baina kalean ez naute askorik geratu horren inguruan hitz egiteko, baten batzuek egin duten arren. Begiratu nuen azken aldian 10.000 ikustaldi inguru zituen, eta, egia esaten badizut, ez dakit hori asko edo gutxi den. Ez naiz konparaketa bat egiteko gai. Kantua eta bideoklipa gustatu zaiela esan didate batzuek. Egia da bideoklipa ez dela kantua bakarrik. Bideoklipek, azken finean, istorio bat dute, eta, kantuaz gain, bertan ikusten denak ere garrantzia du.

21ean egingo duzue aurkezpen kontzertua; bereziak izan ohi dira horrelako emanaldiak?

Bai, eta kristoren gogoa dugu jotzeko. Asko entseatu dugu, eta horrela jarraitzen dugu, dena ondo irten dadin. Egia da lehena ondo irteten bada lasaitu egiten zarela eta hurrengoetara konfiantza handiagoarekin zoazela. Gainera, gitarra-jole berriarekin joko dugun lehen kontzertua da. Ez dugu urduritasunik, baina lan asko egiten gabiltza, dena ondo joateko asmoarekin. Gogotsu joango gara Arrasatera. Ez dugu nahi lehen kontzertua gainetik kendu, gozatu egin nahi dugu, gainontzekoa lasaitasun handiagoarekin hartu ahal izateko.

Añubeko kide guztiak, Beñat Gonzalez gitarra-jole ohia eta Beñat Abasolo gitarra-jole berria barne. Argazkia: Añube

Kontzertu horrek hautsak harrotu ditu, gainera; jendea ordu luzez ilara egiten sarrerak eskuratzeko. Nola bizi duzue hori guztia?

Ez da bereziki gustatzen zaigun zerbait; ikuspegi konkretu batetik begiratuta, horrelako ilarak egoteak gure inguruko jendea akaso kanpoan geldituko dela ekarriko du. Jendea 08:30ean zegoen Iluntzen ilara egiten, eta 11:00etan irekitzen zen. Aspektu hori ez zaigu gustatzen, baina, beste alde batetik, gure arazo handiena hori baldin bada, sarrerak azkarregi saltzen direla, gauzak ondo doazen seinale da. Horrela begiratuta, hori oso ondo dago. Gainera, ni joan nintzen sarrerak saltzera eta jende oso gaztea zegoela nabaritu nuen. Ona da jende gazteak zure musika entzutea; azkenean, haiek dira etorkizunean gauzak egiten ibiliko direnak. Baina bai, pena ematen digu ingurukoentzat pentsatutako kontzertu batean jendea sartu ezinik gelditzeak. Sentimendu kontrajarriak dira, aldi berean. Oso pozik gaude jendeak gu ikusteko duen gogoagatik. Ezin naiz horregatik kexatu.

Arrasateko jaien bueltan da kontzertua, zure herrian, horrek ere berezi egingo du.

Momentu honetan eskualdeko hiru herritako kideak ditugu taldean. Adibide bat jartzearren, Oñatin egitea ere posible izango litzateke, baina areto modura, gaztetxe modura, esan dezakegu Arrasate dela potenteena. Oñatiko gaztelekuan egitea pentsatu genuen momentu batez, baina horrek kontzertua Udaletxearekin kudeatzea suposatuko luke. Lehen diskoaren aurkezpena eta oporralditxoaren osteko lehen kontzertua Arrasateko Gaztetxean egin genituen, eta egia esan bigarren diskoa ere bertan aurkeztu nahi genuen. Beti egin digute harrera oso ona, lekua oso ona da, soinua ere oso ona da eta tamainaz ere ondo dago. Leku berezia da guretzat, lehen kontzertuak egiteko dugun txokoa da.

"Ona da jende gazteak zure musika entzutea; azkenean, haiek dira etorkizunean gauzak egiten ibiliko direnak"

Kaparrak aukeratu duzue bidelagun bezala, eskualdeko beste talde bat, gazteak gainera.

Akaso jotzen duten musika ez da gure estiloa, baina horrek ez du kentzen giro paregabea dutela. Aurreko urtean Skabidean, Brigade Loco eta Azken Sustraiak taldeekin egin genuen kontzertua, eta gehiegi izan zen. Aurkezpen kontzertua da, eta esan dezagun protagonismo pixka bat izan behar genukeela. Gurekin batera joko duen taldea gertukoa eta laguntzat hartu dezakeguna izatea nahi genuen aldi berean; giro ona sortzeko gai direnak eta ingurua berotuko duenak.

Esan bezala, taldekide berria duzue; zelakoa izan da aldaketa?

Ondo joan da, oso erraz. Pena handiz bizi izan genuen Beñat Gonzalezek utzi izana, baina horrela da, eta bizitzako haren egoeragatik taldea uztea erabaki zuen. Hasiera batean, dolua pasatu behar izan genuen, baina gero, Beñat Abasolorekin oso gustura egon gara. Seguru nago oso ondo egingo duela. Lehen kontzertua gainetik kentzeko gogoarekin dago; urduri samar, baina ondo. Hilabete asko daramatza gurekin entseatzen, eta seguru dena ondo joango dela.

Non eskuratu daitezke diskoak?

Eskualdeko tabernetan jarri ditugu salgai: Oñatiko Arranon, Bergarako Arranon, Aretxabaletako Urbaltzen eta Arrasateko Iratin eta Iluntzen. Ataunen ere jarri ditugu, bateria jolea hangoa delako. Hango bi tabernatan egongo da eskuragarri: Troskaetan eta Urbietan. Internetetik erosi nahi duenak muberwear.com atarian egin dezake; kamiseta ere baduen pre-order bat dago eskuragarri bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak