Arrasateko San Juan jaien barruan Gazte Olinpiadak egingo dituzte aurten, lehenengoz. Horixe da aurtengo egitarauko berrikuntza nagusietako bat. Eta harrera beroa izan du, gainera; izan ere, guztira Arrasateko 700 gazte inguruk eman dute izena olinpiada horietan parte hartzeko.
Nondik dator ideia?
Iazko jaietan sortu zen egun hori antolatzeko asmoa. Honela azaldu du Gazte Olinpiaden antolakuntza taldeko Miren Aranak: "Iazko ekainaren 25eko bazkarian gazte batzuek inprobisatu zituzten aulki jokoa eta lokotx bilketa moduko bat. Oso gauza inprobisatua izan zen. Bozgorailu bat erabilita, izena eman barik, parte hartzen zuen nahi zuenak, eta horri tiraka hasi ziren batzuk komentatzen horrelako jolasen batzuk antolatzeko asmoa, euren artean hainbat kuadrillatako neska-mutilak bilduta".
Hori oinarri moduan hartuta, hainbat belaunalditako gaztez osatutako 10-13 lagun inguruko taldea osatu zuten eta Gazte Olinpiaden eguna antolatzeari ekin zioten. Taldeko gazteenak 20 urte dauzka eta nagusienak, berriz, 32. Eta parte-hartzaile guztiak 18 urtetik gorakoak dira, bertan parte hartzeko baldintza bat zelako gutxieneko adin hori izatea.
Izen-emate "handia"
Otsailean amaitu zen egunean parte hartu ahal izateko izen-ematea, eta antolatzaileek espero ez zuten zifra batera iritsi ziren, 700 gaztek eman baitzuten izena. Eta horiek 44 taldetan banatuta daude.
Antolatzaileek onartu dute ez zutela horrenbeste jende espero eta nahiko lan izan dutela hori guztia kudeatzen. Edonola ere, pozik hartu dute herritarren erantzuna.
Egunaren funtzionamendua
Gazte Olinpiadak jokatuko diren lau gune nagusi izango dira: Biteri, Zaldibar, Jokin Zaitegi eta Seber Altube. 11:00etatik aurrera, gune horietako bakoitzean hamar edo hamabi talde izango dira hasieran, eta poliki-poliki talde bakoitza gune guztietatik pasako da, goizean zehar egingo dituzten joko bakoitzean parte hartzeko.
Goizeko kanporaketetan, aulki-jokoa –Seber Altuben–, zapi-buztanak –Zaldibarren–, lokotxak –Biterin– eta zelai-errea –Jokin Zaitegin– egin beharko dituzte. Parte hartuko duten 44 talde horietatik puntu gehien dituzten lehen 24ak sailkatuko dira arratsaldeko bostetatik aurrera Jokin Zaitegin eta Zaldibarren jokatuko diren final-laurdenetara.
24 taldetatik hamabi pasako dira finalerdietara eta hor bi zati bereiztuko dituzte: lehenengoan, hamabitik sei pasako dira bigarren zatira –Jokin Zaitegin–, eta bigarren zatian, jokatuko duten sei taldetatik hiru pasako dira hurrengora –Zaldibarren–.
Azkenean, hiru talde onenak sailkatuko dira Monteazpin jokatuko den final handi horretan lehiatzeko.
Goizeko lehen jolasak zeintzuk diren dagoeneko zehaztuta eta publiko eginda dituzten arren, final-laurdenetatik aurrerako probak ez ditu jakinarazi nahi oraindik antolakuntza taldeak, eta eguna gerturatu ahala emango dute horien berri. Gainera, finalera begira, hainbat sorpresa iragarri dituzte.
Talde bakoitzak kapitain bat dauka izendatuta, eta hura izango da arduraduna egunean zehar entzun beharreko azalpenak entzun eta taldekideei beharrezko informazioa helaraziko diena. Momentu batzuetan "zerbait berezia" ere egin beharko dute.
Antolakuntza taldetik, gainera, eskatu zuten talde bakoitzak egunean bereizgarri bat eramateko, eta badakite taldeak badabiltzala kontu horrekin ere: "Bereizgarria kamiseta bat izan daiteke, buruan zapia eramatea, eskumuturreko bat… Baina taldeak desberdintzeko bai eskatu genuen bereizgarriren bat eramatea. Badakigu gehienen aldetik egongo direla kamisetak. Askok egin egin dituzte; beste batzuek badakigu aurretik zeuzkatenen batzuk moldatuko dituztela".
Helburua
Aurten estreinakoz antolatu dituzten Gazte Olinpiaden helburu nagusia da askotariko adinetako herritarrak elkartzea eta nahastea. Honela azaldu du Aranak: "Azkenaldian ikusten genuen Arrasateko gazteak zeudela lotsa gutxiagorekin edo bateratuagoak, eta orain artean bakoitza bere aldetik ibili izan da, baina, elkarrekin ondo pasatzeko helburu horrekin, baita ere gehiago bateratzeko, denok batera egoteko eta gure artean pike pixka bat egoteko, ikusi genuen aukera ona izango zela egun hau. Gainera, ikusita iaz zenbat jende animatu zen modu inprobisatuan egin ziren jolasetara, ikusten da, behintzat, gogoz badaudela".
Sariak
Hiru sari potolo izango dira, gainera, talde onenendako: lehenengo saridunendako, Arteaga landetxean 1.000 euroko balioa duen bazkaria; bigarren saridunendako, Irati tabernan 500 euroko balioa duen bazkaria; eta hirugarrenendako, Kabuena baserriko produktuekin osatutako saskia.
Egun osoko egitaraua
Antolatzaileek Gazte Olinpiadak San Juan jaien egitarauaren barruan sartu nahi izan dituzte eta jai horien "esentzia" mantendu nahi izan dute, gainera. Hala, 09:45ean emango diote hasiera egunari, gaiteroekin egingo duten beroketa saioarekin, Monterronen hasita. 10:45ean, Zaldibarren kuadrillen asistentzia kontrola egingo dute, ziurtatzeko gutxienez talde bakoitzeko hamar lagun puntual iristen direla.
Eta lau gunetan txosnak izango dira Mondrateren eskutik – txosnetan irabazitako diruaren zati bat eurendako izango da–. Gainera, Arrasate Rugby Taldeak eskainiko die bazkaria parte-hartzaile guztiei –menu normala, beganoa eta gluten gabekoa zerbitzatuko dituzte, 12 euroren truke–. Arrasateko Udalak ere babestu du eguna.
Antolatzaileek azken mezu bat helarazi nahi izan diete parte-hartzaileei: "Apuntatuta dauden guztiak etor daitezela. Guztiok ondo pasatzea da egunaren helburua, baina, batez ere, ez dadila egon inolako erasorik. Lagun artean egongo garelako jolasten, ondo pasatzen eta disfrutatzen".
Informazio gehiagorako Instagram kontua ere gogorarazi nahi izan dute: @arrasatekolinpiadak.
Datorren urtean zer?
Antolatzaileek aurtengoa pasa ostean balorazioa egingo dute, baina uste dute Gazte Olinpiadak jaietan geratzeko datozela, eta datorren urterako joko eta sari berriak proposatzeko nahia adierazi dute.