Sofia Gracia: "Israelek ezin du zigorgabetasunik izan egin duenarekin"

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko eka. 15a, 11:00

Sofia Garcia Amnistia Internacional Euskadiko koordinatzailea. Argazkia: S.G.

Astelehenean Arrasaten, Kulturaten, Amnesty International Euskadiko koordinatzaile Sofia Garcia (Bilbo, 1969) izan zen Palestinaren eta Israelen arteko gatazkari buruz hitz egiten. GOIENA harekin izan da egungo egoera zein den eta Amnesty International Euskadiren nondik norakoak jakiteko.

Zer da Amnesty International?

Amnesty International mugimendu global bat da. Hamar milioi bazkide baino gehiago dituen mugimendua da, gainera, eta pertsona guztiok giza eskubideak izateko aukera edukitzeko etorkizun bat sortzeko helburua du. Ez dugu inolako laguntza ekonomikorik jasotzen instituzioen eta bestelakoen partetik; hau da, gure bazkideen ekarpenekin soilik finantzatzen gara; hori da, nolabait, gure mugimenduak duen ezaugarri berezienetakoa.

Noiz eta zertarako sortu zen?

1961. urtean sortu zen Amnesty International. Britainia Handiko abokatu batek, Peter Benensonek, sortu zuen, zehazki. Egunkari batean irakurri zuen ikasle portugaldar batzuk kartzelatu egin zituztela euren herrialdearen askatasuna aldarrikatzeagatik; orduan, preso haiek amnistiatzeko nazioarteko kanpaina bat jarri zuen martxan, eta handik abiatu zen mugimendua.

Ze helburu ditu mugimenduak?

Pertsonek giza eskubideekin gozatzeko aukera izatea, horixe da mugimendu horrek duen helburu nagusia.

Zer-nolako garrantzia dute pertsonek gizartean gertatzen diren injustizien aurrean?

Gizarteak funtsezko eginbeharra du. Injustiziak salatu behar ditu, boterean daudenek eta autoritatea dutenek giza eskubideen urraketak burutu ez ditzaten. Hala, ezinbestekoa da gizarteak horretan eragitea.

Injustizien alde borrokatzeak balio duela uste duzu? Zergatik?

Bai, noski. Baliorik izango ez balu oihan batean bizitzea bezala izango litzateke. Desberdintasun handia dago gizartean gertatzen diren gehiegikerien artean, eta, askotan, ez gara horren jakitun. Horiek salatu egin behar dira, kontziente izan gaitezen. Behin kontziente garenean, gai gara zerbait egiteko hori gertatu ez dadin edo gertatzen jarraitu ez dadin.

Zein da Amnesty International Euskadiren egungo panorama?

Euskadin une honetan 7.000 bazkide baino gehiago gara eta salatzen ditugun giza eskubideen urraketekin lotutako laguntza ematen dugu. Egunero kalean gabiltzan aktibistak askoz gutxiago gara. Egun Euskadin ditugun ardura nagusiak dira gizarte segurtasunaren legearen aplikazioa, foam armen eta taser pistolen erabilera, sexu biktimentzako krisi zentroak zabaltzea, klima aldaketari lotutako gaiak, errefuxiatuen eskubideak eta LGTBI pertsonen eskubideak. Horiek dira guri egunerokotasunean eragiten digutenak; baina, nola ez, horiez gain, munduan gertatzen direnak ere gertutik jarraitzen ditugu.

Hain zuzen, Palestinaren eta Israelen arteko gatazka izan zenuten hizpide Arrasaten; zein da egun dagoen egoera?

Gazako egoera guztiok ezagutzen dugu, hedabideei esker. Bizitzeko moduan ez dagoen toki bihurtu da, etengabeko erasoen eta Hamasen eta Israelgo Gobernuaren arteko gatazken ondorioz. Gure kasuan, 2022tik salatzen ari gara Palestinako beste gune batzuetan jasaten ari diren apartheid egoera okupatuta dauden lurralde guztietan, eta, era berean, errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren 60 milioi biztanle palestinarren egoera.

Zeintzuk dira Palestinan gertatzen ari diren giza urraketak?

Gerra kirmen asko gertatzen ari dira. Alde batetik, ez dira bereziten ari objektibo militarrak eta objektibo zibilak, hori da Amnesty International egitasmoak batutako informazioak dioena. Era berean, ez dira ari abisatzen noiz egingo dituzten eraso horiek; esaterako, batzuk gauez egin dira, palestinarrak lo daudenean. Horrez gain, orain, gosetea ere eragin dute. Hori gutxi balitz, zigor kolektiboa ere gertatzen ari da, Hamasek bahitu dituen israeldarren ondorioz, eta hori ere krimen bat da. Eta, nola ez, krisi humanitario izugarria gertatzen ari da.

Ze ekintza egin dituzue orain arte?

Duela bi urte, txosten bat kaleratu genuen, baina urte luzez ari gara Palestinaren egoera aztertzen. Txostenak erakusten duen moduan, Israelen okupazio ilegalak eragiten ditu Palestinan gertatzen diren giza eskubideen urraketak. Dokumentazio lanarekin jarraitzen dugu, gero norbaitek erantzun egin beharko duelako gertatutakoaren aurrean.

Su-etena eskatzen ari gara, eta jakina da duela egun batzuk NBEren segurtasun kontseiluak onartu egin duela Ameriketako Estatu Batuek berehalako su-etenerako egin duten eskakizuna. Badirudi Hamasek horren alde egin duela, baina Israelek oraindik ez du erantzun. Bestalde, herrialdeek Israeli armak emateari utzi beharra diote. Eta ezin daiteke zigorgabetasun bat egon Israel egiten ari denarekin; izan ere, herrialdeek erantzukizun morala eta legala dute.

Nola hartu duzue su-etenaren albistea zuen mugimendutik?

Ea gertatzen den, albiste ona da, baina ikusi egin beharko da ondoren bakoitzak nola erantzuten duen egindakoaren aurrean, erantzun egin behar baitute.

Nolako etorkizuna aurreikusten duzu?

Izaeraz pertsona positiboa naiz eta hobetuko dugun itxaropena daukat. Dena dela, batzuetan zalantzan jartzen dut gizartea ikasteko gai den. Pertsona bakoitzak hobetu egiten duenean, gizarteak eta munduak ere hobera egiten du. Hala ere, ezberdintasunak geroz eta handiagoak izango ote diren arduratzen nau.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak