Aurten ere zezenzaleek tokia izango dute jaietan

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko eka. 20a, 15:00

Iazko entzierro bateko irudia. Argazkia: Goiena

Urtero legez, J. M. Arizmendiarrieta plazan kokatuko dute zezen-plaza, eta ohiko hitzorduek ez dute hutsik egingo. Entzierroekin, bigantxekin eta errekortadoreen erakustaldiekin gozatzeko aukera izango dute zezenzaleek 23tik 26ra bitartean

Tradizioari eutsiz, aurten ere San Juan jaietan ez dira entzierroak eta errekortadoreak faltako Jose Maria Arizmendiarrieta plazan jarriko duten 1.400 lagunendako zezen-plazan. Hilaren 23an hasiko dira zezenei lotutako ekintzak; izan ere, jaien lehen egunean errekotadore eskola ibiltaria egongo da, 19:00etan hasita eta Bergarako Zezenak ganadutegiak antolatuta.

Hori motorrak berotzen hasteko mokadutxoa besterik ez da izango; egun bat geroago, hilaren 24an, San Juan jaietako lehen entzierroa izango da: goizeko bederatzietan hasita, Erdiko kalea igaro, Kanpantorpea pasatu eta Zerkaostetatik jaitsi beharko dute korrikalariek eta zezenek, Jose Maria Arizmendiarrietako zezen-plazara iritsi aurretik. Hurrengo bi egunetan ere entzierroa egongo da, ordu berean hasita eta ibilbide berarekin; behin entzierroak amaitutakoan, zezenzaleek bigantxekin gozatzeko parada izango dute.

Errekortadoreen erakustaldia

Beste urte batez, Bergarako Zezenak ganadutegiko kideek izango dute zezen-plazaren espazioa kudeatzeko ardura. Eguneroko entzierroez gain, ikuskizun nagusia hilaren 24ko errekortadoreen erakustaldia izango da, eta Iñigo Almorza Bergarako Zezenak ganadutegiko kideak azaldu du aurten "Euskal Herriko errekortadoreen erakustaldia" egingo dutela; aipatu du, gainera, zortzi urte badirela ez dutela erakustaldi hori Arrasaten egiten.

Erakustaldiari dagokionez, bi zati izango dituela aitortu du: lehena, "serioagoa" izango dela aipatu du, ohiko errekorteekin; eta bigarrena, berriz, "komikoagoa", hainbat objektu jarriko dituzte-eta plazan. Horrez gain, publikoak parte hartzeko aukera izango duela adierazi du.

Erakustaldian parte hartuko duten errekortarien artean debagoiendarrak ere izango dira; esaterako, Bergarako jaietan errekortadoreen ikuskizunean irabazle izan zen Ander Martinez aretxabaletarra bertan izango da.

Udalaren oharrak

Entzierroek, bigantxek eta errekortadoreek jende ugari erakartzen dute zezen-plazara eta inguruetara, eta festa giro aparta eragiten dute. Dena dela, Arrasateko Udalak ohar batzuk kaleratu ditu, ezustekorik gertatu ez dadin. Zezen-plazaren edukiera 1.400 lagunendakoa dela gogoratu dute; beraz, sarrera mugatua izango da. Bestetik, entzierroetan parte hartzea eta horrek dakartzan arriskuen erantzukizuna pertsona bakoitzak bere gain hartzen dituela adierazi du Udalak, eta, ezbeharren bat gertatuz gero, Udalak ez duela inolako erantzukizunik hartuko.

Horrez gain, azpimarratu dute 16 urtetik beherakoek ezingo dutela entzierroetan parte hartu, soilik ikusle moduan joan ahalko direla, zezen ikuskizunei buruzko araudia onartzen duen 183/2008 dekretuak dioen moduan. Azkenik, ezingo dute ezta ere parte hartu, alkoholdun edarien baten eraginpean edo substantzia sorgorgarrien edo psikotropikoen mende badaude edo borondatezko gaitasuna murriztuta baldin badute.

Zezen-plazako egitaraua

  • EKAINAK 23 19:00 Errekortadore eskola ibiltaria zezentxoekin eta poneyekin.
  • EKAINAK 24 09:00 Entzierroa eta bigantxak; 19:30 Errekortadoreen erakustaldia.
  • EKAINAK 25  09:00 Entzierroa eta bigantxak.
  • EKAINAK 26  09:00 Entzierroa eta bigantxak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak