Etxe Txikien balioa liburu batean jaso dute, 100. urtemugaren aitzakian

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko eka. 17a, 09:57

Etxe Txikien gaur egungo ikuspegia eta 1930eko hamarkadan, Kurtzetxikitik ateratako irudia. (Argazkiak Arrasate Zientzia Elkartea).

Etxe Txikinek 100 urte 1924-2024 liburua ondu du Arrasate Zientzia Elkarteak, eta bihar, martitzena, Kulturateko areto nagusian aurkeztuko dute, 18:30ean. Bizilagunen testigantzak, argazkiak eta hainbat dokumentu grafiko jasotzen dituen lan osatua da.

Arrasateko Udalak 1924ko ekainaren 2an eman zion Union Cerrajerari Etxe Txikiak eraikitzeko baimena. Handik gutxira, ekainaren 16an, Etxe Merkeen Batzarra eratu zuten Arrasaten.

Garai hartan, Arrasateko biztanleria hazkunde handia izaten ari zen, 1906an sortutako Union Cerrajera enpresaren hazkundeagatik eta 1917an Vasco-Navarro trena iritsi izanagatik, hein handi batean. "Arrasaten ez zegoen nahikoa etxebizitza hazkunde hari erantzuteko, eta Union Cerrajerak langileendako sortu zituen Etxe Txikiak", dio Arrasate Zientzia Elkarteko Jabier Bengoak.

Horri erantzuteko eraiki zituzten, hain zuzen, "ordura arte ezagutzen ez ziren erako" hemezortzi etxe, lorategia eta baratzea baitzituzten. Garai hartarako ez ziren batere etxe txikiak, 67,2 metro karratukoak baitziren; 33,6 metro karratuko bi solairukoak, hain zuzen. Merkeak ere ez ziren. "Hilabeteko kuota 30 pezetakoa zen eta langile batek egunero 5 pezeta irabazten zituen. Beraz, astebeteko soldata errenta ordaintzeko".

Udal artxiboko aktak "funtsezkoak" izan dira informazioa lortzeko, AZEko kide eta Etxe Txikietako bizilagun Juan Ramon Garairen esanetan. "Horrez gain, elkartearen artxiboan aurkitu dugu Union Cerrajerari eta hango langileei buruzko informazioa. Etxe Txikietan bizi ziren gehienak peoiak edo langile espezialistak ziren, nahiz eta arduradun pare bat eta tailerreko pare bat ofizial ere bizi izan ziren".

Garaik gehitu du hamar lagun bizi zirela haien etxean. "Komuna goian zegoen, eta sukaltarrian dutxatzen ginen. Ortua eta erreka ere funtsezkoak ziren. Gazteak ginela, errekan arrain asko zeuden, eta haiek harrapatzera joaten ginen. Gainera, autorik ez zen pasatzen handik eta kalean aritzen ginen jolasten".

Hainbat izen aldaketa

Etxe Txikiak eraiki aurretik Betasolo izena zuen soroak eta etxeak eraikitzean Maala kalea izatera pasa zen. Gerora, Virgen de Aranzazu izena hartu zuen, eta horren erantzuletako bat da Iñaki Inda (Arrasate, 1935). "Carlos Beltran zena eta biok parrokoarengana joan ginen, gure auzoko jaiak eskatzera. Izan ere, auzo guztiek zituzten jaiak. Hala, onartu egin ziguten eta hemengo jaiak irailaren 9an jarri zituzten, Arantzazuko Ama Birjinaren egunean", dio.

Garaik dioenez, prozesio batekin hasten zituzten jaiak. "Etxe Txikietako andariak parrokiara joaten ziren, Arantzazuko Ama Birjinaren irudia hartzera. Etxe Txikietaraino eramaten zuten, eta, heldutakoan, Roberto Agirre Alambrero-k etxafuegoak botatzen zituen, herritarrei jakinarazteko. Arratsaldean jolasak egoten ziren eta Elmako teilapean musika jotzen zuten".

Edozelan ere, izen hark ez zuen arrakasta handirik izan, eta, gerora, Etxetxikiak kalea izena hartu zuen –gaur egun ere mantentzen du izen hori–.

643.000 pezetaren truke saldu zituzten

1986ra arte alokairuan egon ziren Etxe Txikiak, eta, orduan, etxe bakoitza maizter bakoitzari 643.000 pezetetan saldu zion enpresak. Garaik dio, era berean, "ehunka" pertsona bizi izan direla Etxe Txikietan urte hauetan guztietan. "Bizilagunen artean oso harreman ona egon izan da beti eta Musakolako ostatuan bazkariak ere egiten zituzten, hogei urtez baino gehiagoz. 100 pertsona ere izaten ziren bazkari horietan". Horrez gain, zera azpimarratu du: "Gerra garaian, gorriak ziren bost langile bota egin zituzten Union Cerrajeratik eta baita Etxe Txikietatik ere. Halaber, 40 pertsonak baino gehiagok giza eskubideen urraketak jasan zituzten eta duela gutxi jakin dugu bizilagun bat gerran desagertu egin zela".

Bost familia, hasierakoak

Hemezortzi etxebizitza horietan hasieratik mantentzen diren bost familia daude gaur egun: Arrue (Arregi), Bolinaga, Inda, Etxaburu eta Uribe.

Iñaki Indak adierazi duenez, aitak eta aitonak Union Cerrajeran lan egin zuten, baita hark ere, sarrailagile. Hala, Etxe Txikietan han bizi izan zen, 25 urterekin ezkondu eta kalera bizitzera joan zen arte. Hala ere, harreman estua du etxe horiekin, eta, 89 urte betetzear dituen honetan, oraindik ere egunero joaten da, ortuko lanak egitera. "Enpresak saldu egin zituen Etxe Txikiak eta gure etxea nire gurasoek erosi zuten. Hil zirenean, anaiarekin ados jarri eta niretzat hartu nuen etxea. Ordutik, hemen bizi ez naizen arren, ia egunero etortzen naiz".

Uribe familiakoa da Jesus Uribe (Arrasate, 1943). Garagartza auzoan jaio arren, 8 urte zituenetik Etxe Txikietan bizi da. "Goian hiru logela eta komun bat daude. Behean, berriz, sukaldea, egongela, komuna eta beste logela bat. Dagoeneko gora ez naiz joaten, hankak ez ditudalako ondo. Behean egiten dut egunerokoa". 70 urteren ostean, lotura berezia du Etxe Txikiekiko, eta aitortu du ez dagoela bizitzeko leku hoberik. "Ondo nagoen bitartean, ez naiz hemendik mugituko", baieztatu du.

118 argazki liburuan

Juan Ramon Garaik, Jose Angel Barruatibengoak eta Jabier Bengoak ondu dute liburua, eta, informazio osatuaz gain, 118 argazki txertatu dituzte. Hori dela eta, eskerrak eman dizkiete bizilagun guztiei, haien lana errazteagatik. Martitzenean aurkeztuko dute lana, Kulturateko areto nagusian, 18:30ean.

Etxe Txikiak, bizilagunen ahotan

Iñaki Inda, 1935ean Etxe Txikietan jaio zen arrasatearra: "Etxe Txikiei egindako aitortza da etxean dudan koadroa"

2009an, Etxe Txikien koadro bat egin zuen, "kapritxo" gisa. "Pintura eskolak hartzen hasi nintzen eta Etxe Txikiei aitortza egitea erabaki nuen. Hala, hainbat perspektibatatik ateratako argazkietan oinarritu nintzen irudi bakarra osatzeko".

Jesus Uribe, umetatik etxe txikietan bizi den arrasatearra: "Familia zaharrenetakoa gara Etxe Txikietan"

Ia bizitza osoa darama Etxe Txikietan. "Txikiak ginela, aita hil zitzaigun eta ama Union Cerrajeran sartu zen. Nire osabak hartu gintuen etxean. Bizitza osoa zeraman Etxe Txikietan bizitzen, baita haren gurasoak ere. Familia zaharrenetakoa gara hemen".

Mikel Bergara, Olatz Igartua eta Enaitz Igartua, 2014tik Etxe Txikietan bizi den familia arrasatearra: "Sekulako beroa pasa genuen lehenengo gauean"

2014tik bizi dira Etxe Txikietan. Uztailean erosi zuten etxea eta gogoan dute "sekulako beroa" pasa zutela lehen gauean. "Ia lorik ere ez genuen egin eta pentsatu genuen ea erabaki hona izan ote zen hona etortzea. Gero, neguan ere, hezetasun handia zegoen etxean. Izan ere, sartu ginenean, jatorrizko egitura zuen etxeak eta, ordutik, bi erreforma egin ditugu". 

Etxe bila ari ziren eta kaleko ohiko etxebizitza batek ez zituen konbentzitzen. "Egun batean, kalean kartel bat ikusi genuen, Etxe Txikietako bat salgai zegoela zioena. Egunean bertan deitu, hurrengo egunerako hitzordua egin eta baiezkoa eman".

Bukatzeko, zera nabarmendu dute: "Gure gurasoen garaitik, prestigio handiko etxeak izan dira eta jende asko ibiltzen zen horietako batean bizi guran. Hala ere, guk ez genuen interes berezirik, ez ginen Etxe Txikien bila joan, baina parean egokitu zitzaigun eta aukera ona zela ikusi genuen". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak