Ander Santiago Vega: "Gizarte kontsumista eta esplotatzailea da gurea"

Gontzal Belategi Zubia 2024ko eka. 14a, 10:30

Ander Santiago Vega idazlea. Argazkia: Nimbo argitaletxea

Los hijos bastardos del charlatán liburua argitaratu du, haren estreinako lana; ekainaren 20an aurkeztuko du, Kulturateko areto nagusian, 18:30ean

Ander Santiago Vega (Aramaio-Arrasate, 1969) idazleak Los hijos bastardos del charlatán argitaratu du, haren lehen lana. Liburua 2115. urtean kokatzen den distopia bat da. Ekainaren 20an Kulturateko areto nagusian izango da Maider Morras alkatearekin eta Belen Fernandez Nimbo argitaletxeko kidearekin batera liburu berria aurkezten, 18:30ean.

Zerk bultzatu zintuen liburu bat idaztera?

Betidanik izan naiz irakurle amorratua. Horren eraginez, egun batean galdetu nion neure buruari: "Zergatik ez dut nirea den liburu bat egiten?". Horrela hasi nintzen, duela urte batzuk. Liburua erreserban egon da eta denbora bat kaxoian izan dut. Halako batean, argitaratu egin beharko nuela esan zidaten, eta animatu egin nintzen.

Zer topatuko dute liburua eskuratzen duten irakurleek?

Distopia sozial bat da, zientzia fikziotik ere baduen arren. Irakurleek hemengo jendea aurkituko dute, baina egoera zail batean. Kapitalismoak guztia txikitu du: mundua txikitu du, iparraldearen eta hegoaldearen arteko ezberdintasunak larriagotu egin dira eta abar. Puntu batean egoera lehertu egiten da. Hala ere, azpimarratu behar da ez dela liburu ezkor bat, bada baikortasunik ere. Errealismo magikoa ere aurkituko du, istorio ezberdinak gurutzatzen dira eta. Edozelan ere, liburu luzea da, 728 orri ditu.

"Kontuan hartu behar da eleberri bat dela, ez saiakera bat, baina badu erreflexiotik"

Distopiak etorkizunaren iragarpentzat hartu arren, egungo munduaren satira bat dira askotan; hori da zure lanaren kasua?

Hori baino gehiago, kritika bat dela esango nuke, kritika sozial bat. Hartu dugun noranzkoa kritikatzen da, lehen munduan ezarri dugun gizarte eredura bideratuta. Gizarte eredu kontsumista eta esplotatzailea da gurea, besteak beste, garapen bidean dauden herrialdeak esplotatzen dituena. Kontuan hartu behar da eleberri bat dela, ez saiakera bat, baina badu erreflexiotik. Nahiko liburu antikapitalista da.

Sinopsian kapitalismoaren immoralitatea aipatzen duzu; immorala da sistema kapitalista?

Erabat immorala da. Kapitalismoa giza zein natur baliabideen esplotazioan oinarritzen da. Ez du bestelako aterabiderik, horretarako sortu zen, elite zehatz bati etekin ekonomikoa ahalbideratzeko. Ez da, inolaz ere, guztion onura bilatzen duen sistema bat, gehiengoaren kontura gutxi batzuk aberastea du oinarri, eta horrek ezberdintasun sozialak eragiten ditu.

'Los hijos bastardos del charlatán' liburuaren azala. Argazkia: Nimbo argitaletxea

Maitasuna, elkartasuna eta laguntasuna ere aipatzen dituzu.

Aurrez esan bezala, distopia baikor bat bezala deskribatuko nuke liburua. Konparaketetan erori gabe, literaturaren historiako lan handienetako bat da eta, baina George Orwellen 1984-ren antza du aspektu horretan. Ez dut spoilerrik egingo, baina liburuaren garapena oso itxaropentsua da. Protagonistak gizatasuna galdu duen gizarte batean bizi dira, oso indibidualista eta klonikoa dena. Hala ere, istorioan egingo duten bidaian gizakia ugaltze-makina bat baino gehiago dela jabetuko dira.

Intsumiso, antimilitarista eta asanbleario modura definitzen duzu zure burua. Asko edaten du liburuak definizio horretatik?

Ezetz esango nuke, elementu kritiko nabarmen bat izanagatik eleberri bat da, eta entretenimendurako pentsatuta dago. Intsumiso eta antimilitarista naiz, betidanik hala izan naizelako. Kontua da argitaletxearekin hitz egin nuenenean ez nuela gogorik nire ikasketak eta antzerako datuak jartzeko nire deskribapenean. Azkenean nire kaleko izaerara jo nuen, aspektu sozialera. Arrasatearra naiz eta urte asko noa inguru horietan mugitzen. Beno, egia esan liburua bai da antimilitarista. Kapitalismoa immorala da hein baten bere izaera militaristagatik, errezeta ekonomikoak naturalki inposatu ezin dituen lekuetan armada bidez inposatzen dituelako, eta errealitate hori bai jasotzen da liburuan.

Hiru argitaletxe agertu ziren lana argitaratzeko prest; zergatik aukeratu zenuen Nimbo?

Euskal Herrikoak direlako. Gasteizkoak dira, eta hemen argitaratu nahi nuen. Uste dut hemen hobeto ulertuko den liburu bat dela, Euskal Herriak bere garrantzia duelako istorioan. Bestalde, argitaletxe gaztea da, eta serioa. Jakin dudanez, pirateria asko dago argitaletxeen barruan: inoiz gauzatzen ez diren gauzak promesten dizute, edizio zein zuzenketekin arazoak izaten dira eta abar. Aurrez ondo hitz egin zidaten haietaz; txikiak dira, baina serioak. Gainera, Gipuzkoa aldera zabaldu nahi zuten. Jende ona dira.

"Kapitalismoa ez da, inolaz ere, guztion onura bilatzen duen sistema bat, gehiengoaren kontura gutxi batzuk aberastea du oinarri"

Zer sentitzen da horrenbesteko lanaren ostean liburua esku artean izanda?

Sentsazioa ikaragarria da. Gaztetan Tunantes del Norte antzerki taldean ibili nintzen, eta antzezlan bat lehenengoz egiten genueneko sentsazio bera dut. Seme-alaba bat izatea bezala da. Asko kostatu zitzaidan idaztea; ez naiz idazle profesionala, eta nire lanera joan behar nuen. Edizio lana luzea izan da, funtzionamendura egokitzen joan behar izan dut. Arau batzuk errespetatu behar dira, eta horretara ohitu beharra izan dut, baina oso pozik nago.

Liburu gehiago idatziko dituzu?

Oso ondo pasatu dut lehenengoarekin, egundoko esperientzia izan da. Horrenbestez, bai, beste batean hasi naiz lanean. Lehenengoan bezala, bigarren honetan ere hemengo gai eta pertsonak izango ditut oinarri. Nire inguruko pertsona eta gertakizunak erabiltzen ditut inspirazio gisa. Baliteke lehenengo honetan, eta etorkizun batean bigarrenean, Aramaioko zein Arrasateko norbait identifikatuta sentitzea; betiere, errespetu osoz, noski.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak