Altxa Burua Arrasatek prentsa agerraldia egin du, taldea aurkeztearekin batera, ikasturtean zehar prestatutako zenbait ekintzen berri emateko. Bi printzipio nagusi ditu taldeak: "Batetik, gurasoen ardura da seme-alabek mugikorrarekin harreman osasuntsua izatea; bestetik, mugikorrarekin harreman osasuntsua izateko komunitatea saretzea beharrezkoa da", azaldu dute.
Hasieran, lauzpabost gurasok kafe baten bueltan izandako elkarrizketa batetik sortu bazen ere, segituan konturatu ziren ez zirela kezkatuta zeuden bakarrak eta deia herriko gainontzeko guraso guztiei zabaldu behar zitzaiela ikusi zuten. "Lehen deian 200 guraso inguruk eman zuten izena bilerarako eta LH1 eta DBH2 arteko gurasoak bilduta gure antolaketa nolakoa izango zen erabaki genuen: adinak zuen eragina kontutan izanik, mailaka antolatzea eta ondoren maila bakoitzeko eta ikastetxe bakoitzeko kide bana talde eragilean egotea erabaki genuen", adierazi dute.
Haurren adinaren arabera, kezka desberdinak daude, baina dagoeneko herri mailan eragiten duten zenbait arazo ere detektatu dituzte eta uste dute garrantzitsua dela gai honi "behingoz" heltzea.
Bi ekimen jarri dituzte martxan
Guraso roletik aritu arren, herriko beste eragileekin ere lan egitea "ezinbestekoa" dela diote. "Honetarako, funtsezkoa da lehen momentutik herriko ikastetxeak eta Udala gurekin batera joatea". Elkarlan horretatik honako ekimen hauek jarri dituzte martxan:
-
Gurasoen artean zabaldutako galdetegi batean oinarrituta gurasoon kezkak zeintzuk diren jaso ditugu eta baita momentu honetan Arrasateko gazteen argazkia zein den ere. Lan hau sites batean jaso dugu eta zabalkunderako, arriskuak oso ondo islatzen dituen kartel bat sortu du Iban Galan artista arrasatearrak. Kartela Arrasateko eraikin publiko desberdinetan zein adierazpen libreko guneetan aurkitu ahal izango duzue eta bertan dagoen QRtik taldearen sites-era sartu zaitezkete.
-
Gipuzkoako Altxa Burua mugimenduan gertatzen ari diren zenbait ekintzen arrakasta ikusita, Arrasateko komertzioaren prestutasunari esker eta Udalaren laguntzarekin, Geurie erabili zeike izeneko ekimena martxan jarri dugu. Izan ere, gure haurrak herri guztiak zaintzen dituela eta telefono propiorik gabe bizi daitezkeela sentiaraziko dien tesuingurua eskaini nahi diegu. Honekin haurrek beste errekurtso pertsonal batzuk garatzea eta beharra izatekotan herriko edozeinen laguntza jaso dezaketela ikustaraztea nahi da.
Hasiera besterik ez da
Datorren ikasturtera begira, guraso zein hezitzaileentzako formazioak martxan jartzea gura dute. "Eta oraindik herriko eragile askorengana ez gara hurbildu, beraz, saretze lan horri ere heldu nahi diogu", diote. "Izan ere, gure haurrek etxean eta ikastetxeetan bai, baina beste hainbat lekutan ere pasatzen dituzte egunaren ordu asko eta uste dugu bakoitzak gure lekutik baina denok batera lan eginda, indarrak batuta, askoz gehiago lortu dezakegula".
Hori horrela, datorren ikasturteko helburu horri erantzuteko prest dagoen edozein erakunde, herri eragile, kolaboratzaile posible edota gurasoei taldera batzeko dei egin diete. "Guk guztion ateak joko ditugu. Hau hasi besterik ez da egin eta denon artean ziur ekintza zoragarriak martxan jarriko ditugula".
Parte hartzeko interesa edo zalantzaren bat izanez gero, helbide elektroniko bat jarri dute herritarren eskura: altxaburuarrasate@gmail.com.
Informazio gehiago, hemen.