Arrasate zeharkatuz ekimena abiatu du Arrasateko Udal Gobernuak, hirigintza arloan herritarrek etorkizunerako dituzten proposamenak jasotzea helburu hartuta. "Arrasatek hirigintza eredu jasangarri, atsegin eta osasuntsu batera igaro beharra du, eta horrek gaur egungo hirigintza ereduaren inguruko analisi eta hausnarketa batera eramateaz gain, eredu berri bat irudikatzea eskatzen digu. Horretarako ekimena da Arrasate zeharkatuz", dio Etxeberriak.
Etorkizun berde baterantz
Era berean, ekimen horrekin, Arrasateko hirigintza nondik eraikita dagoen ere aztertu nahi dute, "genero, hezkuntza edo hizkuntza bezalako ikuspegietatik, besteak beste".
Ekimenarentzat sortu duten irudiak ere ideia horri egiten dio erreferentzia. "Sortu dugun irudiak Arrasate zeharkatzen duten bi ibaiak irudikatzen dute, Aramaio eta Deba. Abiapuntu ezberdina duten bi ibaik bat egiten dute, eta elkargune hori irudikatu nahi izan dugu etorkizun berde baten adostasuna irudikatzeko. Etorkizuna jasangarria izan behar duelako ezinbestean" baieztatu du Etxeberriak.
Lehen urratsa, Mugikortasun Plana
Hainbat parte-hartze prozesu izango ditu ekimenak, idatzi edo berridatzi beharko den plan bakoitzeko bat. Lehen urratsa Mugikortasun Plana berritzea izango da. "Herritarrak herrian mugitzeko bide eroso eta seguruak bermatu behar dira, oinez, bizikletan, edo garraio publikoan, besteak bete. Horregatik, berrikusiko dugun plan honek, mugikortasun eredua zeharkatzen dituen aldagai ezberdinak aztertuko ditu, besteak beste ikuspegi sozial, ekonomiko, genero, ingurumen eta osasun ikuspegiak".
Ekainean, plana idazteko egin den diagnosiaren aurkezpen eta ekarpen fasea irekiko dute eta aurrez aurreko saio parte-hartzailea egongo da astelehenean, ekainak 17, 18:00etan, Kulturateko areto nagusian. Halaber, online inkesta bat martxan dago, ekainaren 30era arte, eta idatziz edozein ekarpen egiteko aukera ere izango da BAZen, BAZeko zerbitzu telematikoan edo Arrasate.eus atarian.
Egindako diagnosi eta ekarpenen baitan, planean jasoko dituzten proposamenak aurkeztuko dituzte irailean eta, ondoren, dokumentua hasieraz onartuta, jendaurrean jarriko dute, ekarpenetarako beste 45 egun naturaleko epea irekita.
Mugikortasunaren ostean, beste hainbat
Behin Mugikortasun Planerako oinarriak ezarrita, beste hainbat arlo ere landuko dituzte: Irisgarritasun plana; Klimaren, Energiaren eta Azpiegitura Berdeen plana; Hirigintza Genero Ikuspegitik Aztertzeko plana edota, guztiak barnebilduko dituen Hirigintza Ordenamendurako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspena.