Doke antzerki eskolako ikasleek gelan ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukera izan zuten joan den martitzenean Amaia antzokian. Bi antzezlan taularatu zituzten: lehena Lyman Frank Baumen OZeko aztia eleberrian oinarritutako antzezlana izan zen. Dokeko Ezberdin Berdinak taldea izan zen lan hori antzeztu zuena. Bigarrena, berriz, William Shakespeare dramagile ingelesak idatzitako Zarata asko ezertarako ez antzezlana izan zen. Lan hori Kate Zoro taldeak antzeztu zuen.
Lan klasikoak oinarri
Emanaldi horretarako, lan klasikoak antzezteko hautua egin zuten Dokeko kideek. Maider Alzelai Dokeko irakaslea izan ohi da ikasleei antzezlanak proposatzen dizkiena. Hala ere, Alzelaik lan gatazkatsua dela aipatu du, bereziki hizkuntzari erreparatuz gero: "Zailtasun ugari izaten ditugu euskarazko antzezlanak topatzeko orduan. Egon badaude, baina asko oso infantilak dira. Nerabeentzako lanak aukeratzerakoan oreka bat izan behar duzu aspektu horietan: interesgarria izatea, haiei gustatzea, testu egokia izatea eta abar. Ez da erraza horrelako lanak euskaraz topatzea, eta, askotan, lanak itzultzen amaitzen dut". Hala ere, taldeak garbi du euskaraz antzeztu nahi duela.
Gazteen Antzerki Topaketak
Kate Zoro taldearentzat ez zen izan Zarata asko ezertarako ez lana antzezten zuen lehen aldia. Maiatzaren 23an Donostian antzeztu zuten, Gazteen Antzerki Topaketen baitan. Topaketek lehiaketa formatua dute eta ekainaren 15ean esango dute nortzuk diren irabazleak.