Puntako bi artista izango dira kontzertua ematen

Gontzal Belategi Zubia 2024ko eka. 7a, 10:03

Kontzertua joko duten Idoia Asurmendi eta Eilen Jewell.

Eilen Jewell musikari estatubatuarra izango da bihar Amaia antzokian kontzertua ematen, 19:30ean hasita. Datorren astean, berriz, ekainaren 15ean Idoia Asurmendi aramaioarraren txanda izango da, Monterronen. Emanaldia 19:30ean izango da baita.

Arrasate musikaz beteko da bi aste hauetan zehar. Puntako bi musikari oholtzaratuko dira: Eilen Jewell eta Idoia Asurmendi. Jewell estatubatuarra izango da bietan lehena kontzertua jotzen. Bihar izango da haren emanaldia, 19:30ean hasita, Amaia antzokian. Idoia Asurmendi aramaioarra entzun ahal izateko datorren zapatura arte –ekainak 15– itxaron beharko da. Hark ere 19:30ean hasiko du emanaldia, baina Monterronen izango da. Udalak jakinarazi duenez, bi artisten kontzertuak doakoak izango dira.

Urtean zehar hainbat kontzertu antolatzen dira herrian, baina ez da ohikoa horrelako kon- tzertuak jarraian egitea. Karmelo Alberdik, Arrasateko Udaleko Kultura teknikariak, adierazi du kasualitatez antolatu direla kontzertuak: "Kasualitatez irten dira kontzertuak. Aspaldian, Amaia antzokiko hall-ean egin izan ditugu horrelako kontzertuak, baina orain ezin ditugu bertan egin. Hala ere, komentatzen ibili ginen denbora bat bagindoazela atzerritik inor ekarri gabe, eta, kasu honetan, eskaintza iritsi zen. Idoiarekin ere berdina. Bira hastear zihoan, eta, datak ikusita, kanpoan egitea barruan egitea baino egokiagoa izango zela pentsatu genuen".

Hasiera batean Jewellen kontzertua ere Monterongo parkean izateko programatu zuten, baina Alberdik jakinarazi duenez, eguraldi iragarpena dela eta, lekualdatzeko erabakia hartu dute azken unean: "Pena izango da, baina nahiago dugu emanaldia salbatu bertan behera uztea baino". Iragarpenaren baitan, posible litzateke Asurmendiren emanaldia ere lekuz aldatzea. Hala gertatu ezkero, Udalak aldez aurretik jakinaraziko du, Jewellen kasuan egin bezala.

Eilen Jewell

Boisen (Idaho) jaiotako musikari estatubatuarra da Jewell. 1998an hasi zuen musika ibilbidea eta geroztik hamahiru lan argitaratu ditu, azkena, joan den urtean, Get behind the wheel izenekoa. Haren musika estiloa country gisa izendatu badute ere, askoz estilo sorta zabalagoa du; besteak beste, americana, bluesa, countrya eta rockabillya. "Oso zuzeneko onak ditu eta fama handia hartu du. Espainiako Estatuan lau kontzertu joko ditu eta bat hau izango da".

Estatubatuarra da, baina, Boisekoa izanik, Euskal Herria ez zaio arrotza Jewelli. Sarritan adierazi du euskal diasporako komunitatearekin harremana duela. Horren adibide da Queen of the minor key diskoko azken kantuak Kalimotxo izena daramala. Euskal komunitateari eta Boisen dagoen Gernika tabernari egindako omenaldia da kantuaren izena.

Idoia Asurmendi

Abeslari, piano-jotzaile, gitarra-jotzaile eta konpositore aramaioarra da Asurmendi. 2019 inguruan hasi zuen ibilbidea, eta ospe handia lortu du euskal eszena musikalean. De amar y desandar diskoa argitaratu berri du, eta aurkezpen biran murgilduta dago, haren bandarekin batera. Disko hori aurkezteko asmotan joango dira Monterrongo kontzertura. "Euren zein gure partetik interesa zegoen diskoa Arrasaten aurkezteko, eta data egokia zehaztea izan da kontua. Kasu honetan, bi kontzertu jarraian izatea suertatu da".

Amaia antzokiko lanak

Duela hilabete batzuk iragarri zituzten antzokian egingo diren lanak. Proiektua martxan dagoen arren, luze jo dezakeela dio Alberdik: "Seguruenez, lanak datorren urtean hasiko dira. Proiektua gauzatzeak denbora eskatzen du; gertatzea eta lizitatzea kasu. Lanak 2025ean hasiko direla uste dugu".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak