Barraken eta sanjuanen arteko harremana, kolokan

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mai. 31a, 09:55

Puzgarriak eta jolasak, Biteri plazan.

2024ko San Juan jaietan ez da barrakarik egongo, ez baita enpresa bakar bat ere aurkeztu; hutsune hori betetzeko, Udalak puzgarriak eta jolasak jarriko ditu. "Esfortzu gehigarria egin dugu aurten haurren programazioa indartzeko", dio Udal Gobernuak.

"Aspalditik" datorren auzia da barrakena, Udal Gobernuak eta barraketako arduradunek adierazi dutenez. Izan ere, azken urteetan, geroz eta barraka gutxiago etorri dira Arrasatera, bideragarritasun ekonomikoa zaildu egin zaiela argudiatuta.

Gobernuak azpimarratu duenez, barrakak jartzeko baldintzak berberak dira Gabonetan, San Andresko jaietan, Musakolakoetan eta baita sanjuanetan ere. "Kontua da lehen hiruretan jende mugimendu handia dagoela, eta San Juan jaietan jende gutxi egon izan ohi dela", gaineratu du.

Kokapena da, hain zuzen, arazoaren eragileetako bat, barraketako arduradunen esanetan. Izan ere, Maiatzaren Bata plaza erdigunetik "urrunegi" dagoela aitortu du Atracciones Sanz enpresako arduradun Juan Pablo Sanzek. "San Andresko jaietan jendea San Andresen dago, eta barrakak bertan daude. Sanjuanetan, ordea, herritar guztiak erdigunean daude eta oso urrun geratzen gara", zehaztu du.

Era berean, hainbat herritan zorua okupatzeko dirulaguntzak jasotzen dituzte barraketako langileek, baina Arrasaten udal tasak ordaindu behar izaten dituzte –barrakaren arabera, bost edo hamar euro metro koadroko–. Horrekin batera, baldintzetako bat izaten da bidaiako 1,80 euro kobratzea, gehienez, edota sei bidaiako abonuak hamar euro.

Ondorioz, aurten ez da enpresa bakar bat ere aurkeztu lehiaketa publikora, eta ez da barrakarik egongo sanjuanetan.

"Esfortzu gehigarria"

Hutsune hori betetzeko, haurrentzako programazioan "esfortzu gehigarria" egingo du aurten Udal Gobernuak: "Barrakek uzten duten hutsunea ezin da haurren kalterako izan; horregatik, jaiek iraungo duten egunetan haurren jolaserako alternatibak jartzeko erabakia hartu genuen duela aste batzuk. Alternatiba horien artean daude, besteak beste, askotariko puzgarriak edota jolasak". Are gehiago, ohiko puzgarriez gain, eguraldi ona eginez gero ur-puzgarriak ere jarriko dituztela aurreratu du Gobernuak, eta, gainera, aukera guztiak izango dira doakoak. Datorren astean iragarriko dute aurtengo jaietako programazio osoa.

Bilerak, soluzioa aurkitzeko

"Aspaldiko arazo bati konponbidea ematen saiatu" direla adierazi du Udal Gobernuak, eta horretan jarraituko dutela datorren urtera begira: "Azken asteetan bi aldiz egon gara barraken jabeekin; sanjuanak pasatuta bilera bat egiteko eskaera egingo diegula aurreratu diegu, haien beharrak identifikatzeko eta soluzioak bilatzeko". Sanzek zera dio: "Orain arte borondate gutxi ikusi dut; ez dut soluziorik ikusten". Auziarekin zerikusia duten eragile batzuekin bilduko da Gobernua gaia lantzeko; adibidez, Gurasoen Asanbladarekin eta Haurren Kontseiluarekin.

Juan Pablo Sanz: "Azken urteetan, geroz eta traba gehiago jarri dizkigu Udalak"

Sanjuanetan barrakarik ez aurkezteko hiru arrazoi nagusi plazaratu ditu Juan Pablo Sanzek (Beasain, 1972).

Nola hartu duzu albistea?

Azken hamarkadako joera ikusita, garbi zegoen hau iritsiko zela. Are gehiago, guk joateari utzi genion duela bost urte, San Juan egun batean 30 euro baino ez genituelako irabazten. Azken urteetan geroz eta traba gehiago jarri dizkigu Udalak.

Zein da arazoaren muina?

Zoruaren okupazioa diruz lagunduta izan dugu 50 urtean Arrasaten. Baina, duela urte batzuk, tasa bat kobratzen hasi zen Udala. Bestalde, Biteritik Maiatzaren Bata plazara lekualdatu gintuzten, eta, hori gutxi ez balitz, fitxa bakoitzeko prezioa ere mugatzen hasi ziren. Bizkaian, esaterako, badaude herriak fitxa bakoitza 3,5 eta 4 euro kobratzen dutenak. Guk ez dugu hainbeste kobratu nahi, badakigulako gurasoek esfortzu bat egiten dutela hori ordaintzeko. Baina, gaur egun, zoruaren okupazioa diruz lagunduta ere, ezin dugu 2,5 euro baino gutxiago kobratu, ez da errentagarria.

Zein da soluzioa?

Ez dakit nola, baina Udalak gehiago inbertitu beharko du hau berriro martxan jartzeko. Izan ere, Arrasate behea jota dago barrakei dagokienez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak