1.756 milioi euroko salmentak izan zituen iaz Fagorrek, eta 75,36 milioi eurokoak izan dira haren irabaziak urte bukaeran–2022ko datuekin alderatuta, irabaziek %63 egin dute gora–. "Fagor berrikuntzaren eta iraunkortasunaren alde ari da. Horren isla da haren ibilbidea. Gaur-gaurkoz, hiru berrikuntza zentro daude taldean, eta, horiez gaindi, proiektu askotan ari da parte hartzen, bezeroei eta gizarteari puntako soluzioak eskaintzeko ahalegin etengabean. Horrek ere badu zerikusia urteko emaitzetan", azaldu du Joxean Alustizak, Fagor Taldeko lehendakariak. Horri loturik, Fagorreko kooperatibek fabrika adimendunei, makina eta lantegien efizientziari, ekoizpen bitartekoen moldagarritasunari, karbono aztarnari edota ekonomia zirkularrari lotuta dituzten proiektuak azpimarratu ditu.
Pertsonen alorreko zenbait datu ere eman ditu Fagorrek batzarrean. 2023ko abenduan, 5.124 lanpostu zituen Euskal Herrian, 2022an baino 237 gehiago, eta horien %89 zen bazkide. Era berean, bazkide kopuruak gora egin zuen Fagorreko kooperatibetan: 550 bazkide berri egin ziren.
Garapen profesionalerako aukera
Fagorrentzat "esangura handiko erronka" da egungo eta etorkizuneko langileen heziketa eta garapen profesionala bermatzea, eta hori ere izan du berbagai Alustizak: "Gizabidea Fundazioaren bidez, hezkuntza proiektu inportanteak bultzatu ohi ditu Fagorrek urtez urte, Mondragon Unibertsitatekoak, Debagoieneko zenbait ikastoletakoak eta abar. Finean, gizarte eta komunitate baten ongizatea hertsiki lotuta dago heziketarekin eta horrek zabal ditzakeen aukerekin. Horretarako bitartekoak eskaintzeko ari da lanean Fagor, hezkuntzatik bizitza profesionaleraino". Halaber, ZTIM alorrak zeregin horretan duen garrantzia ere azpimarratu du.
Ingurumenarekiko konpromisoa
Presidenteak adierazi duenez, gaur-gaurkoz, Fagorrek mundu mailan duen energia kontsumoaren %63 da berriztagarria –iaz baino %14 gehiago–, eta %44 murriztu du energia kontsumo ez berriztagarria. Era berean, 2022ko datuekin alderatuta, %52 murriztu da haren CO2 isuria lehenengo eta bigarren irismenetan. Bestalde, Fagorrek urrats esanguratsuak egin ditu ekonomia zirkularrean, besteak beste, hondakinen aprobetxamendurako askotariko proiektuak abiatuta. Horri esker, 2023an erabilitako lehengaien %75 izan zen jatorri birziklatukoa.
Debagoienarekiko atxikimendua
Debagoieneko enpresen eta hezkuntza zentroen topagune izango den Hirekin ekintzailetza eta berrikuntza gunearen ingurukoak ere azaldu ditu Alustizak. Zehatz esanda, 2023an, 250.000 euroko ekarpena egin zion Fagor Taldeak proiektuari –bi milioi euroko laguntza emateko konpromisoa du–, eta espazioa kudeatzeaz arduratuko den Aholku Mahaiko kide bilakatu da. Bestetik, aurreko urteetako bidetik, lankidetza publiko komunitarioaren alde egin du, nagusiki, Debagoiena 2030 iraunkortasun sarearen bidez.
Euskara Saria lehenengoz
Aurten, Fagor Euskara saria antolatu du Fagorrek, lehenengoz, eta batzar Nngusia aprobetxatu du horretarako. "Ezinbestekoa izan da, eta da, bertako langileek eta langile taldeek euskararen alde egiten duten lana eta konpromisoa. Aitortu beharreko zerbait da. Ideia horrekin sortu dira Fagor Euskara Sariak", azaldu du Alustizak. Bada, bi saridun izan dira lehen urte honetan: Mondragon Assemblyko Finantza Departamentua eta Fagor Industrialeko Berrikuntza taldea.