'Hizkuntzen kudeaketa eta euskara gure enpresetan' mahai-ingurua, AEDren eskutik

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mai. 22a, 11:04

Garaia parke teknologikoan egingo dute mahai-ingurua

Euskararen biziberritzeak daukan erronka nagusietako bat da lan mundura eta, zehazki, industria eta zerbitzu enpresetara iristea. Arlo horretan ibilbide oparoa egiten ari diren hiru enpresetako ordezkariak izango dira maiatzaren 29an Garaian egingo duten solasaldian. 17:00etan izango da, Muru gelan, Txomin Madina kazetariak gidatuta.

Hizkuntzen kudeaketa eta euskara gure enpresetan mahai-ingurua prestatu du AED elkarteak maiatzaren 29rako. Hain zuzen ere, euskara industria eta zerbitzuetara iristeko lanean diharduten hiru enpresatako ordezkariak izango dira: Elay, Ikerlan eta ABB-Niessen.

Elayri dagokionez, Antzuolako enpresa aitzindaria izan zen euskararen erabilera normalizatzeko plan integral bat martxan jartzen. 1991ean izan zen hori eta, gaur egun, nazioarteko proiekzioa izanik ere, jatorrizko lantegian euskara dute lan hizkuntza nagusia. Hain zuzen, joan den urtean albiste izan zen Elay, beste urrats aitzindari bat emanda: enpresaren kontuak euskara hutsean egin eta erregistratzea Espainiako Merkataritza Erregistroan. Kristina Elkorok, kontseilari delegatuak, azalduko du enpresak egindako bidea.

Ikerlanen esperientzia Ion Etxeberria zuzendari nagusiak azalduko du. Duela 50 urte sortu zuten Ikerlan ikerketa teknologikoko zentroa eta duela 30 jarri zuten martxan euskara normalizatzeko plana, Arrasateko kooperatibei bidea zabalduz. Euskara enpresaren balio erantsi gisa ulertu dute hasieratik, bai langileen asebetetzerako, bai lehiakortasunean hobetzeko. Hala, orain arteko egindakoaz gain, etorkizuneko erronkez ariko da Etxeberria.

Azkenik, ABB-Niessen enpresako Txuss Alonso ere egongo da mahai-inguruan. Gaur egun Oiartzunen kokatuta, Errenteriako lantegian ekin zioten euskara bultzatzeko lanari, duela 25 urte, Euskara Batzordea eratuz. Duela bost bat urte, jauzi bat egin zuten berrikuntza sozialetik, gizartearen egungo erronkei heltzeko asmoz. Aukerak sortzen. Haizea izan egitasmoa sortu dute horrela, euskararen sustapena ere barnebiltzen duena.

Saioak bi zati izango ditu

Mahai-inguruak bi zati izango ditu. Lehenengoan, hiru enpresen esperientziak ezagutuko dituzte Garaian elkartzen direnek. Ondoren, solasaldiari ekingo diote, Goiena Komunikazio Taldeko kazetari Txomin Madinak dinamizatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak