Desfibriladoreak erabiltzeko boluntarioen sarea sortu eta formazioa jasotzeko izen-emate epea ireki du Arrasateko Udalak. Saio horiek Bexen Cardio enpresak emango ditu, trebatzaile espezializatuen bidez, teoria eta praktika uztartuz.
Formazioa doakoa izango da eta ekainaren 3tik 20ra arte egingo dute –hiru orduko ikastaroa–. Izena emateko epea maiatzaren 20tik 31ra arte egongo da zabalik, hemen. Ikastaroen guneak eta ordutegiak, aldiz, hemen daude ikusgai.
Ekimenari bultzada
Boluntario sareari bultzada eman eta ekimena babesteko, herriko hainbat pertsona esanguratsuk babesa agertu diote ekimenari. Besteak beste, honako hauek dira: Pili Iriarte, Arrasateko Nagusien Kontseiluko presidentea; Asier Azkarate kirolaria; Tirso Sagarminaga, familia medikua Arrasateko anbulatorioan; Joxerra Fernandez, pediatra Arrasateko anbulatorioan; eta Mariasun Garai, Bedoñako auzo-alkatea. Kide guztiek boluntario sarean parte hartu eta formazioan izena ematera animatu dituzte herritarrak.