"LGTBI politiketan aurrera egiteko borondate politikoa, baliabideak eta herrigintza uztartu behar dira"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko mai. 17a, 16:56

Bilgune Feministak antolatuta, martxan da Gorputzen Burujabetzaren II. Topaketa, eta ziklo horren baitan hitzaldia izan zen atzo Arrasaten. Kattalin Minner, Ana Txurruka eta Garazi Bedatse izan ziren hizlariak. EAEko Trans Legea, mugimendu feministaren eta transmaribolloaren korapiloeak eta erronkak eta LGTBI politikak izan zituzten berbagai. Jakinarazi zuten, gainera, LGTBI politikak egiteko herri diagnostiko bat egingo dela Arrasaten.

Homofobiaren eta Transfobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur. Atzo eta Maria Osesek dinamizatuta hainbat gairen bueltan aritu ziren Kulturateko Jokin Zaitegi gelan Eihera kooperatibako Kattalin Minner, Donostiako berdintasun teknikari eta mugimenduko militante Ana Txurruka eta Morbor Arrasateko Garazi Bedatse. Eusko Legebiltzarrak otsailaren 15ean onartutako EAEko Trans legearen bigarren moldaketaren inguruan [legea 2012koa da], lege horren lurreratzearen inguruan, mugimendu feministaren eta transmaribolloaren korapiloen eta erronken inguruan eta LGTBI zein politika feministen inguruan aritu ziren, besteak beste.

Askotariko gogoetak eta ekarpenak egin zituzten. Kattalin Minerrek, esaterako, Trans legearen moldaketa "berri oso ona" dela azaldu zuen, eta aktibo positiboen artean aipatu zituen 'transexualitate' eta 'transgenero' terminoetatik 'trans' terminora pasa izana –kolektiboaren aspaldiko aldarria–, despatologizazioa, edota hezkuntza protokolo bateratuak egiteko xedea.

Hutsuneez ere aritu zen, ordea. Horien artean azpimarratu zituen trantsitatzea gizon-emakume binomioa aintza hartuta egitea "ez bitarrak ez leku baten geldituz, beste behin", nahiz eta Gipuzkoan eta Araban ipintzeko promesa egon osasun arretarako genero unitate bakarra egotea –Gurutzeetako ospitalean–, intersexualitatean gehiegi ez sakontzea eta protokoloak egiterakoan begirada zein izango den ondo ez zehaztea. "Orain arte moduan trans haurrari begirakoak izango dira; hau da, arazo haur trans horretan hasten eta bukatzen da edo zabalagoa da? Eta beste kontu bat: formakuntzak sexualitatera mugatutakoa izango dira; hau da, esparru sexu-identitate batera mugatuak?

Ana Txukurrak esan zuen berdintasun politikak trans politikak baino ibilbide luzeagoa dutela eta zuriketa moreaz aritu zen. "Neurri eraginkor errealak martxan jartzeko hirukoa lortu behar da: borondate politikoa, baliabideak eta herri partaidetza".

Arrasaten herri-diagnostikoa egingo dute

Garazi Bedatse herri mailako errealitateaz aritu zen gehiago: "Ikusten ditugu joan-etorriko militantziak, eta ikusten dugu gure aniztasun honetan ez garela batere anitzak. Bestalde, gero eta indibidualistagoa den gizarte honetan zaila da jendea proiektu kolektiboetara hurbiltzea eta Arrasaten, orain arte, ez da egon mugimendu transmaribollorik bere horretan. Beste esparru batzuetan militatu duten pertsonak daude/gaude".

Gehiago esan zuen: "Arrasaten badago asmoa diagnostiko batekin hasteko, eta uste dugu horrek berak memoria mahai gainean jarriko duela eta mugimendua bera indartu ahal duela". Hala, albistea da agintaldi honetan egingo dela lehenengoz LGTBI politikak garatzeko plana, eta horretarako herri-diagnostikoa egingo da.

Beste bi hitzordu hurrengo aste bukaeran

Gorputzen Burujatzea zikloari amaiera emateko topaketa egingo da maiatzaren 25ean Donostiako Tabakeleran. Beharrezkoa da izena ematea. Aldiz, domeka eguerdian Silvia Federicik egitekoa duen hitzaldirako sarrera irekia da. Hitzaldia Tabakaleren izango da eta Naia Torrealdaik gidatuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak