Irudien erabileraren bidez eta hezkuntza inklusiboagoa lortzea helburu izanik, gaia lantzen, prestatzen eta praktikan jartzen ibili dira Arizmendi Ikastolako umezaintza gunean ikasturtean zehar, eta Orange fundazioak gidatzen duen Eskola Bisuala programaren ziurtagiria eskuratu du.
Arreta ingurunean jarrita
Eskolako guraso baten bitartez izan dute programa horren berri Arizmendi ikastolako irakasleek, eta aurkeztea erabaki zuten. "Programa gogorra izan da, lan koziente bat, irakasleok forma- kuntza jasota. Pozik gaude", dio Arizmendi Ikastolako orientatzaile Arantxa Lejarragak.
Proiektu horren bitartez lan egiteko modua aldatu eta emaitza aberastu egin dutela gaineratu du Lejarragak: "Orain arte beti ibili gara zailtasunak dituzten ume konkretuekin lanean, baina, egia esanda, egoerak, inguruneak, ez du laguntzen askotan, eta lan honekin hor jarri dugu arreta. Hau da, eraikina nolakoa den, barruan zer dagoen edo gela bakoitza nolakoa den eta barruan zer egiten den azaldu dugu irudien bidez, seinalizazioen bidez, eta hori oso lagungarria izan da zailtasunen oztopoak gainditzeko orduan". Helburua hori izanda, egindako lan honek askoren garapenean lagundu duela aitortu du. "Komunikatzeko zailtasunak dituztenendako zein kanpotik etorri eta hizkuntza oraindik ezagutzen ez dutenendako da hau lagungarri. Parte-hartzea handiagoa da, aberasgarriagoa, eta oztopoak presenteago izan ditugu denok".
Hedatzeko asmotan
Hezkuntza inklusiboaren barruan, ikusizko tresnak erabili izan dituzte Arizmendi ikastolan, hizkuntza inklusiboan murgiltzeko. "Ordutegiak, istorioak, sekuentziak edo ipuinak landu izan ditugu aurrez piktogramak erabilita, baina orain, seinalizazioen bitartez, osatu egin dugu lan hori, eta, adibidez, jolastokian edo ortuan zer dagoen adierazi". Umezaintzako gunean egin dute ekimena, baina ez dela horra mugatu aurreratu du Arizmendiko orientatzaileak, eta adin guztietara zabalduko dutela gaineratu. "Era naturalean egingo dugu hori, ikastola osora hedatzea da asmoa".
50 ikastetxetan aurten
Eskola Bisuala programa Orange fundazioarekin elkarlanean sortutako hezkuntza-proiektua da, Haur eta Lehen hezkuntzetako ikastetxeetako maisu-maistrak prestatzea helburu duena, ikastetxeek ikusmenaren erabileraren bidez gero eta hezkuntza inklusiboagoa izan dezaten. Ikasturte honetan 286 ikastetxe aurkeztu dira eta 50 eskolak eta 1.555 irakaslek euren ikasgeletan erraz ezartzeko doako tresna eta prestakuntza jaso ahal izan dute, eta 18.598 ikasle igaro dira bertatik. Eskola Bisualak, gainera, materialen eta baliabideen plataforma baterako sarbidea eman die, bai eta aholkularitza pertsonalizatua ere, eraldaketa horretan laguntzeko. Horien artean, Arizmendi Ikastolako Arrasateko umezaintza gunea dago, programa honetan, orain- goz, dagoen eskola bakarra Euskal Autonomia Erkidegoan.