Gobernuaren eta EAJren arteko ika-mika piztu du Kontzezinoko zuhaitza inausi izanak

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mai. 14a, 10:00

Jeltzaleek Udal Gobernuaren "azalpen premiazkoa eta gardena" eskatu dute, inausteko erabakia "aldez aurretik ezarritako gomendio teknikoen aurka" doala argudiatuz. Gobernuak erantzun du aurrekoetan baino inausketa sakonagoa egin dutela, "bizilagunen etxeetara arramak sartu ez daitezen, baina beti txosten teknikoa errespetatuz".

Arrasateko EAJk ohar bat kaleratu du, esanez 2019-2023 agintaldian lorezaintza-zerbitzuaz arduratzen den enpresak egindako txosten zehatz batek ondorioztatu zuela zuhaitza egoera onean zegoela, "eta inausketa sakon bat bezalako esku-hartze zorrotzek haren osasuna arriskuan jar zezaketela". Ondorioz, orduko Gobernuak zuhaitza "bere egoera naturalean zaintzea" erabaki zuela nabarmendu dute, "haren ongizatea eta herriari ematen dion balio ekologikoa lehenetsiz".

Horren harira, salatu dute egungo Udal Gobernuak "inausketa intentsiboa" egin duela, "txosten teknikoko ohartarazpenei jaramonik egin gabe", eta zera gaineratu dute: "Udal Gobernuari eskatzen diogu aurreko gomendioen aurkako erabakia babesteko txosten tekniko berrietan oinarritutako justifikazio argia eman dezala. Funtsezkoa da zuhaitzak eta natura-ondarea kudeatzeko erabakiak ingurumenarekiko errespetu osoz hartzea".

Esku-hartzeak, txostena errespetatuta

Akusazioari erantzunez, Udal Gobernuak erantzun du "beti eta uneoro" jardun duela teknikoen gomendioei jarraituz, eta haiek proposatutako esku-hartzea eginez. "Txosten teknikoa 2020ko urriaren 27koa da, hau da, EAJren eta PSE-EEren koalizio gobernu garaikoa. Txosten tekniko hau berriki eskatu dio EAJk Udal Gobernuari. Apirilaren 16ko batzordean onartzen da txostena ematea eta txostena alkatetzan dago, EAJko ordezkaria noiz pasako zain, apirilaren 19tik. Uste dugu ez dela zintzoa, ezta profesionala ere, dokumentazioa jaso gabe honelako akusazioak egitea".

Gobernuak gaineratu du txostenak gomendatzen duela aipaturiko zuhaitza kentzea eta, kendu ezean, inausketak egitea, "etxeetara larregi gerturatzen delako". Ondorioz, azaldu du, aurten ere inausketa egin zaiola zuhaitzari, "aurrekoetan baino sakonagoa, bizilagunen etxeetara arramak sartu ez daitezen, baina beti txosten teknikoa errespetatuz". 

Azkenik, zera azaldu du Gobernuak: "Uste dugu gai hauek udal erakundeek elkarlanerako eta elkarrizketarako aukera ematen duten batzordeetan lantzeko gaiak direla. Azalpenak eskatu eta emateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak