Ikerlanek 30,8 milioi euroko fakturazioarekin itxi du 2023ko ekitaldia, gaur goizean Arrasateko Amaia Udal Antzokian eginiko batzar nagusian jakinarazi dutenez. Lehen aldia du, gainera, horrelako fakturazio bat erdiesten, eta, beraz, errekorra gainditu du zentro teknologikoak. Emaitza horretan, gainera, esanguratsua izan da transferentzia proiektuen ekarpena, 16 milioi euro fakturatu baitituzte horri esker; hain justu, aurreko urtean baino %15 gehiago. Are gehiago, hirugarren urtez jarraian lortu du fakturazioa handitzea eta hori digitu bikoitzekoa izatea.
Ion Etxebarria Ikerlaneko zuzendari nagusiaren arabera, aurrez zehaztutako estrategia dago lorpenen atzean: "Emaitza hauek berresten dute enpresekiko jardunaren diru sarreretan etengabe hazteko eta transferentziaren diru sarreraren ratioa indartzeko gure plan estrategikoan definitutako estrategia, enpresei ahalik eta baliorik handiena emateko eta lehiakortasunean eta enplegu sorrera laguntzeko asmoarekin definitu dena". Era berean, zentro teknologikoaren "nabarmentasuna eta erreferentzialtasuna" azpimarratu ditu, "talentua erakartzen eta garatzen, eta enpresak sortzen".
Lantaldearen garrantzia
Ikerlanen emaitzak "trebakuntza handiko profesionalen taldeak egindako lanaren fruitua ere" badirela nabarmendu du Etxebarriak. Hain justu, aurten 46 ikerlari gehiago kontratatu dituzte, eta hemezortzi langile, berriz, bazkide egin dira. Junior langileen prestakuntzan –120 ikaslek osatutako harrobia da– egindako inbertsioa ere azpimarratu du, bi milioi eurokoa izan baita.