11:30ean irtengo dira egoiliarrak zentrotik, Arrasateko Nagusien Kontseiluko kideen, senideen eta langileen laguntzarekin. San Isidro eliza bisitatuko dute lehenik eta, horren ostean, udal ordezkariek omenaldia egingo diete egoiliarrei eta langileei. Hala, Maider Morras alkateak eta Jasone Giraldo Ongizate Saileko zinegotziak hartuko dute berba. Hori bukatzean, musika emanaldia eta luntxa egingo dituzte, 13:30ean jaiari amaiera emanez.
Pili Iriarte Arrasateko Nagusien Kontseiluko presidenteak eskertu egin du Musakola zentroko zaintzaile guztien lana. "Funtsezko lana da egoiliarrek merezi duten moduko zaintza jasotzeko. Eskerrik asko egunero lanean diharduten emakume guztiei".
Era berean, adierazi du kontseiluaren helburuetako bat inklusioa dela. "Garrantzitsua da egoiliarrak festaren parte sentitzea, gainontzeko herritarrekin batera".
Arrasateko Nagusien Kontseiluarekin batera, Aita Mennik, Arrasateko Udalak, Kutxa Fundazioak eta ArantzazuLabek antolatu dute jaialdi inklusiboa.