Umezaintza gunean apurketak egin dituztela salatu du Arizmendi ikastolak, eta adierazi du gertatutakoak "lur jota" utzi dituela: "Ezezagun batzuk Umezaintzako eremuan sartu ziren gunean apurketak eraginez: gurpilak erre zituzten sabaia kaltetuz, eta lurra eta paretak belztuz; sukaldeko txokoa ere suntsitu zuten, loreak apurtu zituzten...". Ekintza horiek egin dituztenei, beraz, hausnartzeko gonbita egin die: "Ez dute eraikuntza baten apurketa soil bat egin, egunez egun komunitatean eraikitzen dugun hezkuntza proiektu batena baizik. Eta guk, ikastolan, auzoak eta herriak elkarrekin eraikitzen irudikatzen ditugu".
San Andres auzoko jaiak ospatu bitartean jazo ziren gertakariak. Adierazi dutenez, "ilusio handiz" eman zieten hasiera festa horiei, esate baterako, San Andreseko jai batzordearekin elkarlanean, kalejira bateratu bat egin baitzuten Bedoñabeko Herri Eskolako kideekin batera; "giro onean" hasi arren, ordea, ez dituzte horrela bukatu.
Babesa eta atxikimendua
Ikastolako kideek eskerrak eman dizkie egun hauetan babesa eta atxikimendua erakutsi dieten herritarrei, eta baita San Andresko jai batzordeari ere. Era berean, babesa adierazi die pasa den zapatu goizean erasoa jasan zuten bi udal langileei, "horrelako erasoak erabat gaitzetsiz". Hala, aurrera begira jarrita daude: "Gaitzespen guztiak eginda, komunitatea eraikitzen jarraitzeko konpromiso irmoa erakusten dugu ikastolan. Beste behin, gure komunitateko familiek erakutsi izan duten konpromisoari helduz, auzolana antolatuko da Umezaintza kanpoko espazioa berreskuratu eta txukuntzeko".