Bazkide kopuruaren hazkundeaz gain, iaz 3.474 dokumentu berri batu ziren bildumara. Hala, Kulturateko bilduma 68.679 dokumentuz osatuta dago orain eta Santa Marinako liburutegia, aldiz, 6.846 dokumentuz osatuta.
Asun Agiriano Udal Bibliotekako arduradunak balioa eman dio liburutegiak duen bildumari: "Eguneratuta dago eta erakargarria da. Horren adierazle dira dokumentuen maileguen igoera eta beste liburutegietatik egiten dizkiguten eskaeren gorakada". Bestalde, liburuen maileguak gora egin duen bitartean, pelikula eta musikaren maileguak behera egin du, harpidetza plataformen eraginagatik".
Liburuak mailegatzeko gorakadaren arrazoietako bat bibliotekak irakurketa suspertzeko jarduerak bikoiztu izana da, Agirianoren esanetan. "Ia astero programatzen ditugu bizpahiru ekintza. Saio hauek oihartzun handia dute, parte-hartzaileen balorazioek eta zenbakiek adierazten duten bezala. Aurten erabiltzaileek igarri dute jarduera puntual eta finkotik haratago joan garela eta ekintza kultural gehiago izan ditugula".
Euskarazko liburuak haur eta gazteetan
Gaineratu dutenez, hizkuntzaren hautuak ere lotura zuzena du adinarekin. Euskarazko liburuak gailentzen dira haur eta gazteen artean eta gaztelerazkoak, aldiz helduen artean. Halaber, gaztelaniazko irakurleen artean, generorik gustukoena intriga eta nobela beltza dela nabarmendu dute eta euskal irakurleak, berriz, denetik irakurtzen duela –ipuinak zein eleberriak, komikiak zein Nobel saridunen liburuak–. Azkenik, haurrek album ilustratuak eta betiko ipuin klasikoak aukeratzen dituzte irakurtzeko. Gazteek, batez ere, komikiak dituzte gustuko.