Jare Urrutia eta Jokin Hurtado Espainiako judoko txapeldun

Miren Arregi Amasorrain 2024ko api. 28a, 18:02

Iruñean jokatu da infantil eta kadete mailako Espainiako Txapelketa asteburuan eta Arrasateko Desoreka taldeko Jare Urrutiak eta Jokin Hurtadok urrezko domina bana eskuratu dute.

Kadete eta infantil mailako eskolarteko judo txapelketan izan dira Desoreka taldeko lau kirolari, euskal selekzioak deituta. Amets Garitano, Nerea Oroiz, Jare Urrutia eta Jokin Hurtado.

Amets Garitano eta Nerea Oroiz txapelketatik kanpo geratu dira lehen borrokaldiak galduta eta Jare Urrutiak eta Jokin Hurtadok, hurrenez hurrez, bost eta lau borrokaldi irabazita, Espainiako txapeldun izatea lortu dute.

Desoreka taldeko entrenatzaile Markel Urrutia oso pozik azaldu da asteburuan taldekideek egindako lanarekin. "Historia egiten ari dira. Horrelako klub txiki baten bi urrezko domina lortzea ikaragarria da. Amets eta Nerea kanpoan geratu ziren lehen borrokaldian, baina, nabarmendu behar da txapelketara iriste hutsa ikaragarria dela eta oso aberasgarria izan da txapelketan bizi izandakoa eurendako ere".

Hurtadok argi onartu du irabazteko helburuarekin joan zela: "Disfrutatzera eta esperientzia bizitzera joan nintzen, noski, baina baita irabaztera ere. Izan ere, nork daki... agian, ez da errepikatuko". Urrutiak, ordea, zailago ikusten zuen irabaztea. "Oso maila handia dago Estatu mailan. Ez nintzen faboritoa, baina banekien aukerak izango nituela garaipenaren borrokan ibiltzeko. Nire lana ondo egin ahal izan nuen eta horrek eman zidan garaipena", azaldu du.

Garaipenerako hainbat gako

Domina irabazteko lau borroka irabazi behar izan zituen Hurtadok. "Talde guztiari esker, gauza asko oso landuta eraman nituen, teknikoki zein teknikoki. Oso erasokor jokatu nuen, aurkariari aukerak kenduz. Hor egon zen gakoa urrezko domina irabazteko". Beste gakoetako bat zera izan zela adierazi du: "Txapelketaren aurretik, aurkariak nortzuk ziren aztertu nuen, eta nire judoa horretara egokitu". Urrutiak, aldiz, bost borrokaldi egin zituen, eta horietako batek "zailtasun berezia" izan zuela aitortu du: "Final-laurdenetako borrokaldia zaila izan zen. Konplikatu egin zitzaidan, baina buelta eman eta irabaztea lortu nuen".

Elkarlanaren emaitza

Hurtadok dio "oso pozik" dagoela lorturikoarekin, baina argi utzi nahi izan du ez dela haren lorpena bakarrik, elkarlanaren emaitza dela. "Taldearena, entrenatzaileena eta familiarena ere bada lorpena, aspektu askotan lagundu didate eta". Urrutia "guztiz ados" dago horrekin: "Oso eskertuta gaude gure alboan egon diren guztiei. Hau guztion meritua da", azpimarratu du.

Markel Urrutia entrenatzaileak, azkenik, azaldu du Desoreka lortzen ari dena handia dela: "Eduki pedagogikoak lantzen ditugu eta aurten hasi gara Espainiako txapelketetan barneratzen, emaitza zoragarriekin. Infantil mailan lortutakoa ikaragarria da, hamahiru autonomia erkidegok baino domina gehiago lortu baititu Desorekak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak